Pasaia "inklusibo eta askotarikoa" aldarrikatu du udalak
LGTBI+fobiaren Kontrako Nazioarteko Egunean adierazpen instituzionala kaleratu du Pasaiako Udalak. Errespetuan eta askatasunean oinarritutako gizarte justua aldarrikatu du.
LGTBI+fobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, eta Pasaiako Udalak “ahotsa goratu” nahi izan du kolektibo honen kontrako erasoak salatu eta “euren bizitzak erdigunean jartzeko, feminismoa ardatz”. Pertsona bakoitzaren errespetuan eta askatasunean oinarritutako gizarte justua aldarrikatu du erakundeak, “berdintasunezkoa eta askotarikoa eskatzeko”.
Ondorengoa da gaurko egunerako kaleratu dute adierazpen instituzionala, hitzez hitz:
Gaur 34 urte bete dira Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuenetik. Horregatik, hain zuzen, maiatzaren 17 guztietan bezala, ahotsa goratu nahi dugu Pasaiako Udaletik LGTBI komunitateko pertsonen aurkako erasoak salatzeko eta euren bizitzak erdigunean jartzeko, feminismoa ardatz. Pertsona bakoitzaren errespetuan eta askatasunean oinarritutako gizarte justua, berdintasunezkoa eta askotarikoa eskatzeko.
1990eko maiatzaren 17tik LGTBI komunitatea askeago bizi den arren, oraindik ere luzea da aurrean dugun bidea. Salaketen ugaritzea komunitateak urteetan jasan duen isiltasunaren isla baino ez da. Horregatik, beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzen jarraitzea, askotan ikusezinak diren genero-identitate, -orientazio eta -adierazpen guztiak errespetatuz; gizarte osoaren erantzukizuna diskriminazio- eta indarkeria-mota guztien aurka borrokatzeko.
Horregatik guztiagatik, gaurko egunez, Pasaia inklusibo eta askotarikoa aldarrikatzen dugu. Udaletik indarrak batuko ditugu gizarte-eragile eta erakunde guztiekin LGTBI bizitzak erdigunean jartzeko, feminismoa ardatz.
Bide horretan, Pasaiako Udalak konpromisoa hartu du LGTBI pertsonen eskubideak babesteko eta aldarrikatzeko:
- Pasaiako Udalak LGTBI Bizitzak izeneko ikerketa abiatuko du komunitatearen egoera herrian zein den ezagutzeko, eta egoera horri erantzuteko beharrezkoak diren mekanismoak aktibatzeko.
- LGTBI bizitzak erdigunean jarriko ditu eta LGTBI politikak sustatuko ditu Pasaiako Udalak.
- Herriko ikastetxeetan kontzientziazio, ikusgaitasun eta sentsibilizazio programak bultzatuko ditu.
- Eraso LGTBIfobiko bat dagoen aldiro, udal talde guztiek gaitzespen irmoa adieraziko dute eta erantzun instituzional bateratua emango dute.
- Herritarren sentsibilizazioan sakonduko du, kanpainak eta programak bultzatuko ditu eta gizartea kontzientziatuko du.
Pasaiako Udalak bat egiten du gaurko eguneko aldarriekin eta konpromisoa adierazten du LGTBI komunitateko kideen bizitzak erdigunera eramateko politika publikoak abiarazteko.