Pasaiako 12 familien etxegabetzea salatzera deitu dute ekainaren 1ean
Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak mobilizazioa egingo du hurrengo asteburuan. Etxegabetze guztien suspentsioa eskatuko dute.
Datorren ekainaren 1ean (larunbata da) Trintxerpeko kaleak aldarrikapenez bete nahi ditu Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Manifestazioa deitu dute egun horretarako, Eskalerillaseko bloketik kaleratu nahi dituzten 12 familiei babesa eta elkartasuna adierazteaz gainera, konponbide bat exijitzeko.
“12 familia etxetik botako ditu Portu Agintaritzak sei hamarkada baino gehiago bizi diren etxeetatik. Merkantziak portura eramatea helburu duen trenbidearen eraikuntza dela eta, auzo hori eraitsi egingo da eta bertako biztanleak bota egingo dituzte datozen hilabeteetan”, salatu dute, ohar bidez. Bizilagun gehienei ez dietela “inolako konpentsazio ekonomikorik edo bizitoki alternatibarik” eskaini salatu dute gogor, beste behin.
Egoera horren aurrean, eta azken hiletako borrokaren ondoren, manifestazio bat egitea erabaki dute. “Instituzioen fartsaren” zein “etxebizitza merkantzia gisa ulertzen duten enpresari eta politikarien aurrean”, kalitatezko etxebizitza doakoa eta unibertsala aldarrikatu dute ekainaren 1ekoan, baita etxegabetze guztien “suspentsioa” ere.
Gaurko ere (hilak 21) deialdia zabaldu du Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Pasaiako Portuko sarreran bilduko dira (19:00etan) sindikatuko kideak eta Eskalerillaseko bizilagunak, azken hiletan bildutako sinadurak entregatuko dizkiote Portuko Agintaritzari.
GEDAR hedabideak Trintxerpeko bizilagunek egoeraren gaineko ikus-entzunezko dokumental bat kaleratu berri du. Lotura honetan ikus daiteke osorik.