“Opari bat da nire herriko elastikoa janztea”
19 urterekin munduko txapeldun izan berri da lezoarra. Argentinako Munduko Txapelketatik dominaz beteta itzuli da, urrezkoak guztiak. Harro darama euskal selekzioaren kamiseta.
Astebete pasatxo da munduko txapelketatik itzuli zinenetik. Ospatzeko tartetik izan duzu?
Oraindik ez dut ospatu ezer. Hemengo ordutegiari moldatzen ari naiz, jet lag-arekin nago oraindik. Itzuli eta martxa hartu dut berriro, azterketak baititut unibertsitatean. Asteburuan Lezoko jaiak izan dira eta etxean gelditu naiz ikasten. Lagunek errieta egin didate, baina etorriko da, behar bezala ospatuko dugu laster.
Lau urrerekin itzuli zara Argentinatik. Domina horiek guztiak espero al zenituen?
Egia esan, ez. Mundiala hasi aurretik lau finaletan sartzea nuen helburu. Ez dut hori lortu, baina espero nuena baino gehiago lortu dut azkenean. New Age modalitatekoa bai espero nezakeela, baina Open-ekoa ez nuen batere erraz ikusten, eta sekulakoa izan da irabaztea. Ez zen ezinekoa, baina bai oso zaila. Ez nuen espero. Urreren bat espero nuen, baina hainbeste ez. Emozio asko elkartu ziren, ez nuen sinisten. Asimilatzen joan naiz pixkanaka. Hankak lurrean ditut jada, eta lehiarako prest naiz berriro.
Zertan ezberdintzen da kayak surfa ohiko kayaketik edo surfetik?
Kayak surfa piragua batekin surfeatzea da. Surfeatzeko piragua berezi batzuk ditugu, olatuak hartzeko egokiak direnak. Azpitik, taula bat bezala, zapalak dira, kantoekin, eta kategoria batek dauzka gilak eta besteak ez. Surfeko maniobra ia-ia guztiak egin daitezke. Truko eta mugimendu guztiak egin daitezke.
Kayaketik edo surfetik dator kirol hau?
Surfetik baino, kayaketik dator gehiago. Teoria asko daude, baina esaten da Perun arrantzarako erabiltzen zituzten Caballitos de totora izeneko ontzi horietatik datorrela kirola. Ontzi txikietan arrantzatu ondoren, hondartzara abiatzen ziren olatuak hartuta, eta azkarren iristen zirenak arrain gehiago saltzen zuten, garai batean hemen baleekin eta traineruekin egiten zuten bezalaxe. Hortik dator.
Nola puntuatzen da olatuetan egiten duzuena?
Txapelketetan normalean 20 minutuko mangak izaten ditugu. Hau da, minutu horietan hamar olatu hartzeko aukera dugu. Epaile batzuek olatu horiek puntuatzen dituzte. Bi olatu onenak batzen dira, puntuazio onena duten biak, eta hortik egiten da sailkapena. Ez da beharrezkoa hamar olatuak hartzea, birekin nahikoa izan daiteke.
Olatuek baldintza dezakete lehia.
Hala da, normalean hori izaten da zailena. Zortea eduki behar da. Maila altuan lehiatzen hasten zarenean hori izaten da zailena. Oso pareko ibiltzen gara denak eta olatuak markatzen du diferentzia. Olatu onekin errazagoa da maniobra onak egitea. Olatu eskas batek balio dezake hasierako errondak pasatzeko, baina gero ez, final-laurdenetan edo finalaurrekoetan olatu onak behar dituzu. Olatuek zeharo baldintza dezakete txapelketa bat.
Argentinan, hasierako egunetan olatu txikiak izan genituen eta final egunetan itsaso nahasia zegoen, haizetsua. Hor, adibidez, olatu aukeraketak asko eragin zezakeen. Beste kirol askotan ez da hala pasatzen, baina gurean zorteak asko eragiten du. Olatuak naturalak dira. Nahiz eta oso ongi ibili, batzuetan ezin da. Ez da maila ezin duzulako eman, olatu horrekin ezinekoa delako baizik. Aitzakia ez da, baina baldintzatzen duen faktore handia da, zalantzarik gabe.
Taldekako urreaz gain, banakakoan hiru urre ekarri dituzu Lezora: Open Short kategoriakoa, eta New Age modalitateko biak, short eta long atalekoak. Zertan ezberdintzen dira?
New Age modalitatean 18-23 urte bitartekoek parte hartzen dugu. Gero, Open kategoria dago, absolutua kontsideratzen dena. Hemen adin guztietako kirolariek parte hartzen dute. Maila handiena daukaten kirolariek Open-en parte hartzen dute. Egon daiteke 20 urteko bat, edo 35 urteko esperientziadun bat. Zailagoa da, kategoriarik zailena da. Konplikatua da nik baino askoz ere esperientzia gehiago duen norbaitekin lehiatzea. Hor ez nuen dominarik espero. Amestu bai, baina ez nuen espero. Txikitatik nire erreferenteak izan direnek titulu hori lortu dute, eta haiek bezala irabaztea ikaragarria izan da niretzako. Oso harro nago.
Kayak motz eta luzeak erabiltzen dituzu. Zein duzu gustukoen?
Kayak motzarekin surf taula motzetan egiten den erara surfea daiteke. Arauetan jartzen du 2,70 metro baino motzago izan behar dutela piraguek, eta gilak eduki behar dituztela, surf taula batek bezala. Honekin surf bertikalagoa bila daiteke. Normalean jende gehienak motza erabiltzen du. Bira gehiago eta erradikalagoak egin daitezke honekin, eta piragua kontrolatzea errazagoa da. Eta piragua luzeak izan behar dira 3 metro baino luzeago, eta gilarik gabekoak. Zailagoak dira hauek, gilarik gabe ontziaren gaineko kontrol handiagoa eduki behar duzulako. Palarekin egiten dugu gilaren lan hori. Ez da hain ikusgarria eta zailagoa da, baina niri honetan ibiltzea ere pila bat gustatzen zait. Nahiago dut motza, surfeatzeko maila handiagoa lor daitekeelako. Puntu erradikal hori gustuko dut.
Euskal Selekzioak Munduko Txapelketa irabazi du, zazpigarren aldiz jarraian gainera.
Talde oso polita dugu. Selekzioaren sorreratik lan handia egin dute taldeko entrenatzaile eta kideek, eta orain fruituak ikusten ari dira. Kirola profesionalizatzen asko lagundu du selekzioak, emaitzetan hori ikusi da. Entrenatzaile oso onak ditugu, asko entrenatzen dugu eta hori islatzen da gero emaitzetan. Ia 20 urte daramate mundialetara joaten, esperientzia handia dute askok, etengabeko lana egin dute. Ni neu momentu onenean iritsi naiz munduko honetara, une gozoa bizi baitu kirol honek Euskal Herrian.
Orotara 26 domina ekarri dituzue Euskal Herrira. Harro?
Oso. Domina asko dira. Herrialde handien kontra lehiatzeko gai garela erakutsi dugu. Juniorrak eta neskak oso-oso onak dira gure taldean, maila oso altua dute. Kategoria guztietan maila dago, harrobia dago. Gero eta jende gehiago ari da animatzen zorionez, eta orokorrean, maila oso altua dago Euskal Herrian.
Eta Euskal Selekzioaren elastikoa eramateak, zer suposatzen du zuretzako?
Eduki dituzte arazoak mundial ezberdinetan Euskal Herria bezala aritzeko, baina beti lortu dute horri aurre egitea. WSKA (World Surf Kayak Association) elkartean euskaldunak egon gara beti, eta erabakiak hartzean hor gaudenez, taldea mantentzea lortu da. Opari bat da niretzako nire herriko kamiseta janztea. Gure herria ordezkatu ahal izatea ohore bat da. Egia da kirol gehienetan ezin dutela Euskal Herriko taldearekin jokatu, eta mina emango lidake gurean ere hala balitz. Euskaldun bezala nire herria ordezkatzea sekulakoa da.
Ametsik gorena kirol honetan?
Bidaiatu nahi dut, munduko olatu onenak surfeatu nahi ditut. Oraintxe bertan hemen surfeatzea oso zaila da, oso masifikatuta baitaude hondartzak. Lasai aritzea gustatzen zait, eta hori hemen ez da ia inoiz lortzen. Hortaz, gogotsu nago bidaiatzeko. Irlanda, Moroko, Indonesia, Australia, Zeelanda Berria… Toki askotan surfeatu nahi dut.
Zer ematen dizu kirol honek?
Dibertimendua eta lasaitasuna. Pila lasaitzen nau itsasora sartzeak. Nahiz eta asko ez surfeatu, uretara sartzea maite dut, deskonektatzeko. Olaturik ez dagoenean buelta bat ematen dut. Udan bereziki ia egunero sartzen naiz itsasora. Garrantzia handia ematen diot uretan egoteari, hobetzeko ezinbestekoa baita. Lotura oso berezia daukat itsasoarekin, ez dakit nondik datorren, baina hala da.
Noiz eta nolatan hasi zinen kirol honetan?
Aitarekin hasi nintzen, 7 urte inguru nituela. Piragua probatu nahi nuen, eta Hendaiara eta Txingudiko badiara joaten hasi ginen. Deskubritu genuen olatuak har genitzakeela piraguarekin. Horietako batean aitak Interneten begiratu zuen, eta bideoren bat agertu zitzaion. Udako egun batean Donostiako Ondarretara joan ginen, eta han ezagutu nuen nire entrenatzaile izango zen Urko Otxoa. Orduan pixkanaka txapelketetan parte hartzen hasi nintzen.
Non izango da zu jauzi eta biraka ikusteko hurrengo aukera?
Irailean Zurriola Cup txapelketa jokatuko dut Donostian. Zuzenean ikusteko onenetako bat da, ikusgarria. Gero Bakio, Mundaka eta Sopelan ariko naiz, txapelketa mordoa dauzkagu. Dena den, hara joaterik ezin dutenentzat zuzeneko emanaldiak ematen hasi gara, etxetik jarrai dezan jendeak.