'15 urte amesten' erronkari eutsiko dio Arkaitz 'Kalu' Ericek
Markel Merino lezoarraren eta behar bereziak dituzten haurren aldeko elkartasun erronkaren aurkezpen irekia hilaren 31n egingo dute, Gezala Auditoriumean.
Berriz ere egingo du. Arkaitz Kalu Erice lezoarrak, 2015, 2016 eta 2017 urteetan egin bezala, gaixorik den Markel Merino gazte lezoarra nahiz behar bereziak dituzten haurrak laguntzeko elkartasun erronka egingo du ekainaren 21etik 22ra. 15 urte amesten izena jarri dio Ericek elkartasun keinu handiari. Izan ere, aurten 15 urte bete ditu Merinok. Ericeren asmoa da ekainaren 21eko 22:00etan hasi, eta 22ko 13:00ak arte (15 orduz) Oarsoaldeko zirkuitu batetik korri egitea, Merino laguntzeko, eta aldi berean larri gaixorik dauden eta behar bereziak dituzten haurrak eta haien familiak babesteko. Juneren Hegoak eta Markelen Irria elkarteen laguntza izango du Kaluk erronkarekin, Lezoko Udalaren babesarekin. Eskualdeko hainbat establezimenduk ere sostengua emango dute.
Erronkaren xehetasun guztiak lezoarrei zuzenean azaldu nahi dizkie lezoarrak. Horretarako, aurkezpen-hitzaldi gisako ekitaldia antolatu dute hilaren 31erako Gezala Auditoriumean. Horren asmoa da ekainaren 21-22 bitarteko egitaraua, eta osagarri izango den egitaraua aurkeztea. ez hori bakarrik: kirol egokituaren gaineko gogoeta egiteko aukera ere izanen da, Aitor Frantzesena Gallo surf egokitua egiten duen zarauztarrak ere parte hartuko duelako saioa.
Erronkan zehar bildutako dirua behar bereziak dituzten haurrekin lan egiten duten elkarteei emango diete.