Sagardoaren kulturan murgiltzeko
Bihar izango da XXXIII. Sagardo Eguna. Baserri eta sagardotegietako zukuen dastaketaz gain, sagardoa nola egiten den erakutsiko dute goizean, besteak beste.
Bihar maiatzeko azkeneko larunbata izango da, eta horrek esanahi berezia du Oiartzunen: Sagardo Eguna ospatzeko txanda da. Orain arte udaberriaren arrasto txikia egon bada ere, urtaroaren momentu onenean izaten da herriko zita. Aurreikuspenek ez dute eguraldi txarrik ematen, baina auskalo; espero da protagonista izango den likido bakarra sagarrondoek ematen dutena izatea.
Egun osoko egitaraua prestatu dute. Iaz bezalatsu, goizerako azoka antolatu dute. 10:00etan hasiko da, eta 14:00etara arte iraungo du. Plaza artisauez «guztiz beteta» izango dutela jakinarazi du Juantxo Ribera Sagardo Egunaren antolakuntzako kideak. «Izugarrizko eskaera» izan dutela eta, artisau asko kanpoan utzi behar izan dituztela gaineratu du. 22 postu jarriko dituzte plazaren bueltan, baina bertan egotea eskatu dutenak 50etik gora izan dira. «Nahiz eta ez zaigun gustatzen, muga bat jarri behar dugu, plazan lekurik ez dagoelako».
Azokak irauten duen bitartean, 11:30 inguruan, erakustaldi bat antolatu dute, sagardoaren ekoizpenarena. Hori egiteko beharrezkoak diren lanabesak lortu dituzte, matxaka eta tolare bana.
«Egingo duguna da jende gazteari erakutsi sagardoaren prozesua zein den. Irudikatuko dugu, lurrean belar pixka bat botata, sagarrondo zelai edo sagasti bat balitz bezala. Kizkiarekin jasoko ditugu sagarrak, eta gero otarrera botako genituzke. Otarretik matxakara pasatuko ditugu, eta hor sagarra txikituko da. Handik tolarera botako dugu, eta behin tolarea betetzean, estutu egingo dugu, eta hortik aterako da lehen muztioa», azaldu du Riberak. Inguruan dabilen jendeak, sagardoaren prozesua ez ezik, emaitza bera probatzeko aukera izango du.
Izan ere, sagardoaren kultura hedatu eta dibulgatzea da antolatzaileen helburua. «Beste toki askotan bezala, ohitura zaharrak galtzen ari dira, eta jende gazteak ez dauka erreferentziarik, non ikusia. Oiartzunen ikaragarrizko tradizioa dago sagardogintzarekin; baserri inguruko jendeak gutxi ala gehiago, badaki nola funtzionatzen duen. Kaletarrek oso galduta dauzkate prozesuaren nondik norakoak, eta hori ikusaraztea da helburua».
Horrez gain, baserrietan hezi zen jendeari ere zuzenduko diote ekoizpen prozesuaren erakustaldia. Riberaren arabera, baserrietan bizi zen jende askok kalera joan behar izan du bizitzera, eta gazteago ziren garai haien nostalgia bizitzeko aukera izan dezakete.
Eguerdiko kanpaiak entzutearekin batera, herriko baserrietan egindako sagardoen dastaketa iritsiko da. Bederatzi izango dira guztira dastatu ahal izango direnak, pintxo batzuen laguntzarekin. Ordu biak ingurura arte izango dira bertan.
Ondoren, atsedenerako tartea izango da. Ez da oso luzea izango antolatzaileentzat. «Goizeko belar, matxaka, tolare eta horiek guztiak jaso egin behar ditugu, arratsalderako guztia garbi uzteko. Arratsaldean, 16:00etarako geratzen gara, eta ez dakit denbora emango digun bazkaltzeko ere…», iragarri du Riberak, umorez. Esan duenez, taldetxo bat sortu du antolakuntzak, bazkaria propio prestatzeko, gainontzekoak eseri, jan eta atzera lanera buelta daitezen.
Arratsaldea, denon gozagarri
Arratsaldeko lehenengo ekitaldia ez da herriko plaza nagusian izango, Euskal Herria plazan baizik. 17:00etatik aurrera, Abaraxka ludotekak antolatuta eta Kabitxo tabernak lagunduta, haurrentzako jolasak antolatzen dituzte bertan. «Jolasten aritzeko aukeraz gain, haurrei txokolatea ere ematen diete, haiek ere tripa bete dezaten».
18:00etan, berriz, dastaketa handia etorriko da. Hori bai, bi pertsona omenduko dituzte txotx egin aurretik, herrigintzan «ekarpen ikaragarria» egin dutelako. Goizeko bederatzi sagardoei beste bederatzi sagardotegiren zukuak batuko zaizkie. Bost euroan salduko dute edalontzia eta pintxo bat.
Gosez geratzen denak euro batean lor ditzake pintxo gehiago. «Saiatzen gara prezioa ahalik eta merkeen jartzen. Badakigu bizitza denontzako garestitu dela, baina ahal dugun bitartean saiatu nahi dugu bidezko prezio batzuk jartzen, ez helburu ekonomiko bat lortzeko, baizik eta edonori horiek erosteko aukera emateko».
Dastaketa horrek 20:00etara arte iraungo du. Sagardo dastaketa bukatzen denean, iaz bezala, txosna jarriko dute kontzejupean, goizaldeko 02:30era arte. Aukera eman nahi dute «parrandan» jarraitzeko, «euskal giroan».
Antolakuntza lanetan hamar lagun dabiltza. Momentuz, «oso ongi» dabiltzala esan du Riberak, beste herriekin alderatuta bai behintzat. «Irunen antolatzeari utzi diote, Usurbilen antolatuko duten azkeneko aldia izango dela esan dute… Motiboak zehazki ez dakizkit, baina uste dut denak zentzu berean doazela: boluntario falta. Gu, behintzat, saiatu gara eta lortu dugu; azkeneko momentuan bada ere, jendeak erantzuten du». Hala izaten jarrai dezala.
EGITARAUA
- 10:00-14:00. Artisauen azoka, 22 posturekin, Done Eztebe plazan.
- 11:30. Sagardoaren ekoizpenaren prozesua, Done Eztebe plazan.
- 12:00. Herriko baserrietako sagardoa dastatzeko aukera, Done Eztebe plazan.
- 17:00. Haur jolasak eta txokolate jatea, Euskal Herria plazan. Abaraxka ludotekak eta Kabitxo tabernak elkarlanean antolatuta.
- 18:00. Sagardo dastaketa, Done Eztebe plazan. Sagardotegiak: Arkale, Baleio, Bianditz, Cidrerie, Erroilbide, Goiko Lastaola, Harritxuita, Igoin, Larregain, Lindurenborda, Lizeaga, Monondi, Oialume Zar, Oianleku, Ordozelai, Petritegi, Txurrumurru, eta Urkabe.
- Gauean. Gauean. Txosna, kontzejupean, 02:30era arte.