Aldaketak izango dira xanistebanetako Gazte Egunean, guztientzat gozagarri izan dadin
Iazko bazkarian errespetu faltak egon zirela eta, hainbat neurri hartuko ditu talde motorrak, errepika ez daitezen.
Xanistebanetako ekitaldi jendetsuenetako bat da Gazte Eguneko bazkaria. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, iaz “muga guztiak” gainditu zituen, 930 lagun elkartu baitziren plazan jarritako mahaien bueltan. Horregatik, Gazte Egunaren antolaketan lanean ari den talde motorrak “herrigintzaren alde” lanean ari diren orori eskerrak eman dizkiete publiko egindako ohar batean.
Hala ere, iaz bizitako Gazte Egunarekin ez ziren pozik geratu, eta aurtengo ekitaldirako neurri batzuk hartzea erabaki zuten martxoaren 15ean egindako bileran. Eguna guztientzako gozagarri izatea nahi dute. Aldaketarako arrazoia azaldu dute: sukaldariekiko zein talde motorrarekiko errespetu falta. “Guztiok gozatzeko espazioak ari gara sortzen, eta espazioak une oro erosoak eta seguruak izatea nahi dugu. Behin eta berriz esan dugu, eta berriro diogu ez dugu inolako erasorik onartuko; beraz, egoten ez badakizu, ez eman izena Gazte Egunean”, ohartarazi dute.
Horrez gain, errespetu faltadun jokabideak izaten dituzten pertsona edo kuadrillak ekitalditik kanporatuko dituztela iragarri dute, eta ezingo dutela hurrengoan parte hartu.
Ardurak, guztien kontu
Antolatzaileek azaldu dutenez, guztien ardura da egun hori aurrera ateratzea, eta banatutako lan guztiek dutela arduradun bat. Hala ere, iaz hainbat lan egin gabe geratu zirela esan dute, eta horrek “zuzen-zuzenean” denei eragiten diela.
“Eskerrak eman nahi dizkiogu, beren ardurapekoak ez ziren lanak egiten aritu ziren oiartzuarrei. Benetan, mila esker”, helarazi diete. Egoera hori ere errepika ez dadin, eguna “kolokan” jartzen duelako, erabaki dute funtzioak betetzen ez dituzten kuadrilla eta pertsonek ez dutela hurrengo urteko Gazte Egunean parte hartuko. “Gogoratu, kuadrilla batek izena ematerakoan pertsona baten ardurapean ematen duela izena, eta lan bakoitzeko pertsona arduradun bat dugula”.
Adin-muga, gora
Aurreko egoerei gehitu behar zaie hainbat herritarrek Oiartzungo Udalera kezkaz joan direla, nerabeen alkohol kontsumoa dela eta. “Urteak gabiltza erabaki hau atzeratu nahian, orain egunaz gozatzen ari garen guztiak izan dugulako 16 urte genituenean egun horretaz gozatzeko aukera, baina iazko gertaerek, ez digute tarte askorik eman”, adierazi du talde motorrak.
Horregatik, parte hartzeko adina 18 urtera igoko dute. Aurten salbuespena egingo dute, 2007an jaiotako gazteekin, iaz ere parte hartu baitzuten.
Bestalde, bazkarira joan gabe kamiseta erosteko aukera izango dela jakinarazi dute. Kasu horretan, 16 urtetik gorakoek erosi ahal izango dituzte kamisetak. Aurtengo berde iluna izango dela jakinarazi dute.
Orain arte kamiseta izan da bazkarirako txartela. Hala ere, aldaketa egongo da aurten, estreinakoz, eskumuturrekoa erabiliko baita, bazkariaz eta edariaz zeinek goza dezaken jakiteko.
Azkenik, diruz lagunduko den eragilea zein den aurreratu dute: Errigora izango da. Aurten 10 urte bete dituzte, eta laborantzan zein euskalgintzan egiten ari diren “lan izugarria” eskertu eta lagundu nahi dute.