Aleka antzerki taldeak 'Koltxoi azpian' lana estreinatuko du San Pedron
Fikziozko pertsonaia baten bizitza kontatuko dute, eta besteak beste, feminismoaz, abortatzeko eskubideaz eta beste hainbat gaiez ariko dira.
Datorren ekainaren 8an (larunbata da) ikuskizun berezi eta era berean aldarrikatzaile batekin gozatzeko aukera izango da San Pedroko Udal Aretoan. Aleka antzerki taldeko kideek euren azken lana taularatuko dute: Koltxoi azpian.
Estreinatuko duten lanean fikziozko pertsonaia baten bizitza kontatuko dute, eta feminismoaz, abortatzeko eskubideaz eta beste hainbat gaiez ariko dira. Pandemian du sorburua antzelanak: Toñi protagonistak zaintza beharko du, eta bere bizilagunak dira lagundu dezaketen bakarrak. Bizilagunek Toñiren bizitza ezagutuko dute eta harekin historiako pasarte ezberdinetara bidaiatuko dute ikusleek: “Pasaiako bakailao lehen arrantzaleak, Woodstocken izango gara, Basauriko gertakizunak ezagutuko ditugu…”, aurreratu dute Aleka taldekoek. Lau urte eman dituzte antzezlan hau sortzen, “mimo handiz” egin dutela aitortu dute.
2018an jaiotako taldea da Aleka. Orain arte pieza txikiak egiten aritu dira aretoetan eta kaleetan. Gau Beltzean, Martxoaren 8an edota Euskaraldian aritu dira euren sorkuntzak eskaintzen.
18:00etan hasiko dute hurrengo larunbateko emanaldia, eta bi ordu inguruko iraupena izango du. Honako aktoreak igoko dira San Pedroko Udal Aretoko oholtzara (Judith Poves zuzendariaren gidaritzapean): Arantza Zurutuza, Nerea Zangitu, Libe Narbarte, Ainara Aldarondo, Maitane Aramendi, Iker ETxarri, Irati Salazar, Montse Mostaza.
2020ko Martxoaren 20a. Pasaman Kaleko bizilagunek bilera dute: Toñiri buruz hitz egin behar dute: zaharra da Toñi, bakarrik bizi da eta laguntza behar du pandemiari aurre egin ahal izateko. Errealitatea eta fikzioa nahasten dituen istorio honetan Toñirekin bidaian joango gara bere bizitzan zehar, bere bizilagun xelebreekin batera.