Igerileku handia, irekita
Elorsoro kiroldegiko igerilekuko bonba handia konponduta dagoela adierazi dute eremuko arduradunek. Ikastaroak, ekainaren 10era atzeratuta.
Elorsoro igerilekua zabalik dago. Aurreko astean bi aldiz itxi behar izan zuten, bonba handiko matxuragatik. Kirol instalazioko arduradunek jakinarazi dutenez, honez gero konponduta dago kloroaren maila eta uraren tenperatura erregulatzen dituen gailua.
Gaur goizean ireki dute igerileku handia, 27 gradutaraino berotu eta klorazio maila ohiko parametroetara iritsi denean.
Elorsoro, beraz, ohiko funtzionamendura bueltatu da. Pasa den astean bertan behera utzi behar izan zituzten igeriketa ikastaroak bueltatu dira, eta ekainaren 10ean berreskuratuko dituzte galdutako egunak, baldin eta bonbak ez duen arazorik berriro.