Kirol jarduerez beterik dator uda
3-16 urte bitarteko haur eta gaztetxoek askotariko kirolekin gozatzeko aukera izango dute uda honetan Oarsoaldean. Eskaintza "oparoa" izango dela aurreratu dute lau udalerrietako zinegotziek.
Aurtengo udan ere askotariko kirolak probatu eta haiekin gozatzeko aukera izango dute eskualdeko haur eta gaztetxoek. Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek elkarrekin antolatutako UDA 2024 irol Kanpaina aurkeztu dute gaur lau udalerrietako kirol zinegotziek, joan den maiatzaren 2an zabaldu zuten matrikulazioa. Leire Mazizior (Errentera), Eneritz Arruti (Lezo), Edorta Fernandez (Oiartzun) eta Julen Rodriguez (Pasaia) izan dira gaur goizean Trintxerpen egindako agerraldian.
Aurten, orotara, 35 kirol jarduera eskainiko dizkiete 3 eta 16 urte bitarteko haurrei. Eskaintza “oparoa” izango dela aurreratu dute lau zinegotziek, “gustu guzietarako” egokitutako programa baitute esku artean. Piraguismoa, arrantza, txirrindularitza, igeriketa, dantza, eskalada, zirku tailerra, tenisa, judoa… Denek gogoko duten zerbaitekin egingo dute topo. Aurtengo berritasunen artean, paddel surf, Denok Dantzara, CV eta Enduro jarduerak eskainiko direla iragarri dute gaur.
Udaran antolatzen diren egitasmoak izanik, aurten indarra eman nahi izan diete urarekin lotutako kirolei, itsasoarekin lotura duten horiei. Horietan izena ematera deitu dituzte eskualdeko gaztetxoak.
16 urtetik gorakoei ere zenbait jarduera eskainiko dizkiete uda honetan, hala nola, igeriketa, areto jarduerak edota paddlel surfa.
Aurtengo eskaintza osorik ikusteko, lotura honetara jo daiteke. Xehetasun gehiago eta izena emateko bideak, webgune honetan.