Etxegabetze guztien suspentsioa exijituko dute biharko manifestazioan
Eskalerillasetik kaleratu nahi dituzten 12 familien aldeko manifestazioa egingo du bihar Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak. Gudarien plazatik abiatuko da mobilizazioa.
Bihar (ekainak 1) Trintxerpeko kaleak aldarrikapenez beteko ditu Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Eskalerillaseko bloketik kaleratu nahi dituzten 12 familien egoera salatu eta haientzako alternatiba erreal bat exijituko dute. Izan ere, afera hasi zenetik (otsailean jaso zuten abisua, lau hilabeteko epea eman zieten orduan 60 urtez euren bizitoki izan diren etxeetatik ateratzeko), ez dietela “inolako alternatiba errealik” eskaini salatzera aterako dira kalera. Bizilagunen egoeraren aurrean eta “instituzioen fartsaren” zein “etxebizitza merkantzia gisa ulertzen duten enpresari eta politikarien aurrean”, kalitatezko etxebizitza doakoa eta unibertsala aldarrikatu dute bihar, baita etxegabetze guztien “suspentsioa” ere.
“Pasaiako Portuko Agintaritzak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak, zein udalak, bizilagunei egoeraren berri eman aurretik, egoeraren jakitun baziren ere, ez dute egoerari aterabiderik emateko asmorik erakutsi”, adierazi zuten joan den astearteko plenoan, bertan izan baitziren bizilagunak eta sindikatuko kideak. Hitza hartu zuten bizilagunek, euren egoera salatu eta etxebizitza aterabide bat exijitzeko. Hemen haien aldarrikapenak irakur daitezke.
12:00etan abiatuko da biharko manifestazioa Gudarien plazatik.