«Eman diodana baino gehiago eman dit San Pedrok niri»
Hamarkada luzez saltsa guztietan ibilitakoa da, eta atzo merezitako omenaldia egin zion herriak. Sanpedroen txupinazoa bota zuen, hunkituta.
Nola jaso duzu txupina botatzeko gonbita?
Oso pozik. Denoi gustatzen zaigu aitortza jasotzea. Urte asko daramat herri honetan, nire bizitzako hiru laurdenak hemen pasatu ditut bizitzen, eta oraindik hemen jarraitzen dut. Asmo handiak jarri ditut herriari zer edo zer emateko. Saltsa guztietan ibili naiz hamarkada hauetan, eta atzoko omenaldi hori uste dut ez dela niretzako bakarrik [astelehenean izan zen elkarrizketa hau], ni bezala aritu diren pertsonentzako omenaldia da. Horien omenez botako dut txupinazoa. Herriaren alde lan egiten ari diren pertsonak, horiek baitira herria, horiek egiten dute herria, horiek ematen diote nortasuna San Pedrori. Hori izango da nire mezua.
Jaiotzez errenteriarra zara, baina sanpedrotarra zarela ikus daiteke.
Bai, bai, sanpedrotarra naiz, harro diot hori. Joaten naizen lekuan beti nire zatitxoa jartzen saiatzen naiz. Garrantzitsua da joaten zaren lekuan ekarpena egitea. Bizitzan baldintza asko daude, eta kasu honetan bizitzak hona ekarri ninduen, eta primeran egokitu nintzen. Familia egin dut hemen, bi alaba eta bi biloba ditut, denak sanpedrotarrak.
Nola jaso zintuen herriak?
Primeran, lehen egunetik eskuak zabal-zabalik izan dituzte. Ziur naiz, herriak nik eman diodana baino gehiago eman didala San Pedrok niri. Ez dakit asmatu dudan, jarri dudan guztia probetxuzkoa izan ote den, baina dena eman dut zentzu horretan, eta horrela jarraituko dut.
Zer ematen dizu San Pedron bizitzeak?
Nik ematen diodana ematen dit San Pedrok. Nire herria da, oraingoa, eta hemen nagoen bitartean eta hemen orduak eta egunak pasatzen ditudan bitartean, emateko prest nago. Jarrera baikorra dut, garrantzitsua baita jarrera. Herrikideak entzun, haiei eman, bakoitzak ahal duenetik. Keinu txikiak oso garrantzitsuak dira.
Mezurik jaietarako herrikideei?
Herria egiten jarraitu behar dugula da nire mezu nagusia. Eta inolako gorrotorik gabeko jaiak izan ditzagula. Herriaren alde jokatu nahi badugu, ez dugu jokatu behar bakarrik arraunean edo futbolean, beste toki batzuetan ere jokatu behar da.