Lartaunek kontzertu "berezia" emango du larunbatean, 60. urtemuga ospatzeko
Oiartzungo abesbatzak udako kontzertua eskainiko du. Jon Oñatibia sortzailearen piezak sartuko dituzte, baita Busto jubilatu berriarenak ere.
Lartaun abesbatzak Udako Kontzertu Berezia emango du datorren larunbatean, hilak 20. Tradizio bilakatu da urteroko zita hori, eta aurtengoa are bereziagoa izango da. Izan ere, koruak 60 urte bete ditu aurten.
Jon Oñatibia Audela oiartzuarrak jaioterrian sortu zuen abesbatza, 1964an, ia hiru hamarkada iraun zuen erbestetik bueltatu eta hilabete batzuetara. Hori dela, berak sinatutako abesti batzuk kantatuko dituztela jakinarazi du Maddalen Dorronsoro abesbatzako zuzendariak.
“Oñatibia bera ere Amerikan egon zen garaia gogoratuz, Herrimiñez edo Euskal Herri, Euskal Herri bezalakoak abestuko ditugu, eta Amerika aitzaki hartuta habanera batzuk ere abestuko ditugu”, zehaztu du Dorronsorok.
Lartaunen errepertorioan dagoen habaneretako Javi Bustoren A tu lado da. Busto aurten zuzendaritza koraletik erretiratu denez, bere habanera hori eta duela hamar urte Lartaunentzat propio idatzitako beste lan bat abestuko dute larunbateko saioan.
Horiekin batera, udako gau “berezi” horretako abestien zerrenda “esanahi eta sentimendu handiko” obrekin osatuko dutela jakinarazi du Dorronsorok.
Kontzertua Hipatiaren Lorategian izango da, 22:00etan hasita. Euria egingo balu, udaletxeko pleno aretoan izango litzateke. Doan izango da, eta oiartzuarrak bertara gonbidatu dituzte, musika koralarekin gozatzera.