«Aitarekin bizitakoari esker nago nagoen lekuan»
Badira hitz gutxirekin deskribatu daitezkeen pertsonak; horietako bat da Itxaso Treku Galarraga. Plazandrea. Hori litzateke hitz egokiena. Abeslaria da, eta baita harri-jasotzailea ere. 21 urte baino ez ditu.
Zazpi urte zituela igo zen lehen aldiz oholtzara Itxaso Treku Galarraga. Ehunka kontzertu eskaini ditu ordutik, baina mikrofonoa eskuan duela ordu luzez abestea ez da bere pasio bakarra; izan ere, harri-jasotzailea ere bada. Maiatzean debutatu zuen. Baita irabazi ere.
Nondik dator musikarekiko pasioa?
Nire aita da musikarekin zuzenean lotzen nauen pertsona. Musikaria eta abeslaria zen bera, eta egunero abesten ikusten nuenez, bi urte nituela, hitz egiten jakin baino lehenago, tonuetan abesten hasi nintzen. Erromeri talde batean egiten zuen lan aitak, baina gero abeslari batekin hasi zen plazak egiten. Abeslariak taldea utzi zuenean [Itxasok zazpi urte zituela] aitak berarekin plaza bat egiteko esan zidan, eta ordutik hamasei urtera arte ibili nintzen aitarekin oholtza gainean.
Gero, hamazazpi urterekin jakin nuen Laiotz taldeak abeslari bat behar zuela, eta casting-era apuntatu nintzen. Hamaika apuntatu ginen probara eta hautatu egin ninduten. Baina, Laiotz taldean sartu eta aita galdu nuen. Inflexio puntu batean nengoen: etapa musikal berri batean murgilduta eta aita galdu berritan.
Eta gero?
Laiotzen kontzertu batera Argentinako jaialdi bateko antolatzaile bat joan zen, eta bertara gonbidatu gintuzten. 2023an astebetez egon ginen Argentinan, eta bi kontzertu eman genituen. Handik bueltan, ordea, Laiotzek 33 urte egin ostean, bukatu egin zen hura. Apur bat umezurtz geratu ginen, baina Itzal taldea sortu dugu orain. Ilusio handia egiten dit, nolabait proiektu propioa ere badelako.
Baduzu talde edo kantu kutunik?
Rantxerak asko gustatzen zaizkit. Aitari asko gustatzen zitzaizkion eta etxean beti hori entzuten zen. Gainera, oholtza gainean lehen aldiz abestu nuenean rantxera bat abestu nuen. Oso bereziak dira niretzat.
Harri-jasotzaile ere bazara. Zerk bultzatu zintuen harriaren munduan sartzera?
Etxe batean bizi naiz, eta atarian harri jasotzaile baten hamar harri inguru daude. Nik, ordea, ez diet nire bizitzan kasurik egin; eserleku bezala erabiltzen nituen. Gainera, esan behar dut lotura handia duela abesteak harria jasotzearekin; izan ere, nire entrenatzailea, orain nire familiako kide bat bezala dena, Laiotzeko kide batek aurkeztu zidan.
Bere etxera joan nintzen kirola probatzera, eta maitemindu egin nintzen, ez dakit kirolaz edo entrenatzaileaz, seguru aski biak [barrez]. Astean behin joaten hasi nintzen, eta niretzat terapia zen saio hura. Hizketa saio luzeak ere egiten genituen, eta horietako batean entrenatzaileak esan zidan: «Itxaso, konturatzen zara oso ondo ari zarela?». Tarte horretan, gainera, Harri Herri saiotik deitu zidaten, eta une horretan erabaki genuen serio entrenatzen hastea. Baina, izugarrizko lesioa izan nuen, belauna atera baitzitzaidan. Hilabete batzuk ohean pasa nituen, beste batzuk gurpildun aulkian, eta, azkenean, pasa den maiatzean debutatu nuen txapelketa batean, eta irabazi egin nuen.
Bide batez, zorionak.
Eskerrik asko.
Zerk markatu zaitu gehien harriarekin duzun ibilbidean?
Nafarroako txapelketa horretara joatea inoiz harriarekin plaza batera atera gabe, eta irabaztea. Flipatu egin nuen. Espektatibarik gabe joan nintzen. Egia da nire entrenatzaileak esaten zidala irabazi egingo nuela, baina nik ez nuen sinesten. Entrenatzaileak nigan ikusten zuen nik nire buruarengan ikusten ez nuen zerbait. Berezia izan zen oso txapelketa hori, entrenatzailea nirekin etorri zelako txapelketara eta uneoro nire ondoan egon zelako laguntzen. Familiako bat bezala da gizon hori niretzat; asko maite dut.
Etorkizunera begira, zein dira zure helburuak?
Orain erakustaldi batzuk atera zaizkit udan, eta musika eta harria uztartzen nabil. Baina oso zaila da. Musikak ordu asko kentzen dizkit. Kontzertu bat daukadan egun bakoitzeko arratsaldea zein gaua okupatutzat eman behar ditut, derrigor. Harria, bestalde, exijentzia maila oso altuko kirol bat da. Gainera, ordainsaririk gabekoa, edo oso gutxikoa behintzat. Kirol honetako ordainsaria da norberak hartzen duen poztasuna. Kirolak fruituak ematen dituenean ematen duen alaitasuna eta grina dira ordainsaria. Hemen [harriaren munduan] diruagatik sartzen dena azkar aspertuko da.
Izan duzu inoiz bi pasioen artean aukeratu beharrik?
Ez, eta momentu hori ez iristea espero dut. Musikak nire bihotzaren zati bat irabazita du txikitatik, laguntzen nauelako, eta nire aitari gehien lotzen nauena delako. Baina, harria ere hor dago. Harria jasotzen hasi nintzen nire bizitzako momentu txar batean, eta konturatu gabe harria niretzat terapia batean bilakatu da, asko laguntzen nauen zerbait da. Harriak indartu egin nau. Harriak, gainera, nire entrenatzailea eman dit. Nire aingerua izatea bezala da. Espero dut inoiz erabaki beharrik ez izatea eta ahal den heinean biak uztatzen jarraitzea.
Batean ahotsarekin egiten duzu lan; bestean gorputz osoarekin. Zein ezberdintasun dago bien artean entrenatzeko orduan?
Ahotsarekin zorte handia daukat. Uste dut genetikoki daukadan zerbait dela. Ahots oso indartsua daukat txikitatik eta ez dit hutsik egiten; ohituta dago kontzertu luzeak ematera. Aurten, esaterako, 70 kontzertu ditugu.
Harria, aldiz, oso exijentea da. Astean bitan aritzen naiz harriarekin, eta gero, gimnasiora edo mendira joaten saiatzen naiz. Hala ere, kontuan izan behar da kontzertua daukadanean etxera goizeko bostetan, seietan edo zazpietan heltzen naizela, eta gero indar asko behar izaten dela ohetik jaiki eta entrenatzeko. Horregatik diot hau ez dela diruagatik egiten den zerbait, barruak esaten didalako eta benetan maite dudalako baizik.
Emakumea izanik, sentitu al duzu inoiz oztopo edo zailtasunik jarri dizutenik?
Zailtasunik ez didate inoiz jarri, baina harriarekin hasi nintzenean sentitu nuen jendeak «zertan ari zara harriak jasotzen?» eta antzerakoak pentsatzen zituela. Familian, adibidez, hasieran ez zidaten asko onartzen; batez ere amonak. Nire aitona harri jasotzaile profesionala izan zen [etxe atarian dituen harriak harenak ziren], eta amonak ez zuen ulertzen, bere garaian ezin zitekeelako imajinatu ere egin emakume batek harriak jaso zitzakeenik. Entrenatzaileak ere esaten dit bere garaian ez zuela imajinatzen inoiz horrenbeste emakume ikusiko zituenik plaza batean harriak altxatzen. Bide batez, esan behar dut nire entrenatzaileak lehenengo egunetik babestu nauela, eta berarengatik izan ez balitz, gaur egun ez nintzateke harriak jasotzen arituko.
Zer ematen dizu pasio batek, besteak ematen ez dizunik?
Galdera zaila da hori. Bata eta bestea oso ezberdinak dira. Musikaren bidez sortzen da nire aitarekiko lotura zuzen bat, eta nire aita beti izan da niretzat nire bizitzako pertsona garrantzitsuena. Musikak ematen dizkidan lorpen edo aukera guztiak berarekin konpartitzen ditut modu batean, eta, noski, berari esker dira lorpen horiek guztiak. Berak erakutsi dit nik dakidan guztia.
Baina, aldiz, harriak indarra eta asebetetze sentsazioa ematen dizkit. Harria jasotzen hasi naizenetik indartsuago sentitzen naiz bai fisikoki eta baita mentalki ere. Harriarekin lotura zuzena du nire entrenatzaileak; niretzat bera terapeuta bat da. Uste dut harria horrenbeste gustatzearen arrazoia dela harriaren ingurunea eta inguratzen duten pertsonak.
Inoiz eman dizuten gomendio onena?
Musikan hasi nintzenean [zazpi urte zituen], askotan, kontzertuak izaten nituen asteburuetan, eta 13, 14 edo 15 urterekin lagunekin egon beharrean aitarekin egoten nintzen. Noizbehinka pentsatzen nuen «jo, lagunak kalean daude eta ni hemen aitarekin, lanean». Batzuetan ez nuen gogorik izaten, baina aitak beti esaten zidan «etorkizunean hau guztia eskertuko didazu». Eta gaur egun, denboran atzera begiratzen dudanean, pentsatzen dut nire aitarekin bizitako guztiari esker nagoela nagoen lekuan.
Eta, zuk, zein gomendio emango zenioke musika munduan zein harriarenean sartu nahi duen pertsona bati?
Musikari dagokionean, formatzeko esango nioke. Hori da gakoa. Formatzen hasten denean jendea ezagutzen hasiko da, eta behin jendea ezagutzen hastean ez dezala beldurrik izan talde txiki bat sortzeko, abestiak egiten hasteko… Mundu oso zaila da, eta gakoa da behetik astean aukera oro aprobetxatzea. Taberna batetik deitzen dutela bertan jotzeko? Joan eta jo. Ikasi duen musika eskolako auditoriumean jotzeko deitu dutela? Joan eta jo dezala. Gauza txikiak egiten hasi behar da, eta gero poliki-poliki joango da zabaltzen.
Harriari dagokionean, aldiz, ondo pentsatu behar duela zergatik eta zerk bultzatzen duen harriarekin hastera, eskatzen duen exijentzia maila oso altua delako. Bestalde, benetan harriarekin hasi nahi badu, joan dadila federaziora, eta bertan dauden eskoletan entrenatzen has daiteke.