Bazkide eta arraunlari berrien bila dabil Hibaika
Herritik eta herriarentzako sortutako elkarte xumea da Hibaika, horregatik, denboraldi berriari begira, herriko zaletu, iragarle, saltoki eta bestelako kolektiboen babesa eskatu du. Aldi berean, herriko gazteak arrauna probatzera gonbidatu dituzte.
Arraun denboraldiaren erdian, Hibaika Arraun Elkarteko kideak irailera begira jarri dira. Herritik eta herriarentzako sortutako elkarte xumea da, horregatik, arraun zale guztien ekarpena oso garrantzitsua da elkartearentzat. Une honetan 150 bazkidek osatzen dute kluba.
Modu horretan lagundu nahi duenak inskripzio orri bat bete beharko du. Horiek Xenpelar plazako Rosmi dendan bete daitezke, edota Ondartxo zuzendaritza taldeko kideren batekin kontaktuan jarriz. Urteko kuota 35 eurokoa da eta ordainetan harpidedunak klubeko informazioa jaso eta elkarteko arropa, banderak edo bestelako produktuak erosteko beherapenak izango ditu.
Bestetik, proiektura batu nahi duen iragarle, saltoki eta bestelako kolektiboei zabalik daudela gogorarazi dute ere, “edozein moduan dela ere, elkarrekin indartsuagoak baikara”.
Kirolariei dagokienez, herriko gazte zein helduei arrauna probatzera hurbiltzeko dei egin die klubak. Pandemia ezkero igoera nabarmena sumatu dute, batez ere, adin txikiko fitxetan. Haurrek aire zabalean eta talde giroan egoteko beharra zuten, eta horretarako Hibaika gune aproposa dela ziurtatu dute.
Gainera, urtero-urtero helburu berriak ezartzen ditu klubak. Hurrengo denboraldiari begira, batez ere, gizonezko plantila sendoa osatzeko nahia erakutsi dute. Gizonezkoen trainerua ziklo berri batean sartu berri da eta proiektu horri jarraipena emateko ezinbestekoa da harrobiko jendea prestatzea. Esan dutenez ez da aurretiazko esperientziarik behar.