Bi soka, emozio bikoitza
Lehenbizikoz, bi sokatan aritu dira lehian. Gainera, lehen aldiz ere emakumeak auzoka osatu dituzte taldeak.
Artaso elkarteak urtero antolatzen duen Xanistebanetako sokatira txapelketa egiten ari dira Madalensoron. Aurtengoa 36. edizioa da eta lehenbiziko aldiz bi sokatan aritu dira tiraka; bata gizonezkoentzat eta bestea emakumezkoentzat. Jokoaren iraupena azkartzeko hartutako erabakia izan da. Emakumezkoetan, Ergoien izan da garaile; gizonezkoetan, Ugaldetxo.
Auzoka antolatzen dira gizonezkoen taldeak; aldiz, emakumezkoetan orain arte ez da egon auzoka antolatzeko adina parte hartzailerik. Orain artean izena ematen zuten emakumeek ez zuten norbere auzoa ordezkatzen eta taldea sortu ahal izateko moduan banatzen ziren auzoka. Aurten hori aldatu egin da eta parekidetasunaren alde egin dute tira: emakumeak haien auzoetan ari dira lehiatzen.Emakumeak gizonezkoen mailan lehiatzeko egin dute talde antolaketan aldaketa hori.
Oiartzunek zortzi auzo ditu, baina guztiek ez dute ordezkaritzarik izan. Aurten bost talde atera dira emakumezkoetan: Altzibar, Ugaldetxo-Gurutze, Elizalde, Karrika eta Ergoien. Gizonezkoetan, zazpi (Elizalde kenduta, gainontzekoak). Talde bakoitzean zortzi kidek lehiatu dute. Beraz, 40 emakume aritu dira jokoan, eta 56 gizon.