Pasai San Pedrora itzuliko dira goi mailako estropadak
Igande honetan (hilak 11) jokatuko dira I. Adinberri eta I. Gertu Eraikuntza banderak, itsaso morean. Sanpedrotarrak elkarteko lagunak ilusioz agertu dira gaurko aurkezpenean.
Pasaiako badiako ura kolore morez tindatuko da igande honetan (hilak 11). Izan ere, Sanpedrotarra arraun elkarteak antolatuta, Eusko Label eta Euskotren ligako traineruek bandera jokatuko dute. Lehenbizikoak, I. Adinberri bandera irabaztera itsasoratuko dira; eta bigarrenak, I. Gertu Eraikuntzak bandera lortzera.
Pasai San Pedroko kofradian egin dituzte bi banderen aurkezpenak gaur, eta bertan izan dira Teo Alberro Pasaiako alkatea, Xabier Isasa Sanpedrotarra elkarteko presidentea, Lander Fernandez Gertu Eraikuntzako gerenteak, eta Rakel San Sebastian Adinberri Fundazioko presidentea. Pasai San Pedrok etxean jokatutako azken goi mailako bandera 2018an izan zen eta irribarretsu eta ilusioz agertu dira gaurko agerraldira Sanpedrotarra Arraun Elkarteko lagunak eta presidentea. “Ea hurrengo urtean berriro hemen gauden, liga honetan” adierazi du Isasik.
Emakumeak izango dira lehiaz gozatzera irtengo diren aurrenak. Lehenengo txandakoak 11:25ean hasiko dira, eta bigarren txandakoak 11:48an. Hiru luze eta bi ziaboga egin beharko dituzte Gertu Eraikuntzak bandera astindu nahi badute. Gertuko gerentearen arabera, haien enpresak arraunaren balioekin bat egiten duelako babestu dute bandera: “arrauna guretzat berdintasuna, sakrifizioa, lana, uko egitea, pasioa, intentsitatea, gertutasuna eta ekipoa”. Egunero arraun egiten dutela amestu ahal izateko nabarmendu du Gertuko ordezkariak.
Gizonek hiru txanda izango dituzte, eta aurrenekoak 12:21ean aterako dira; hurrengoak, 12:50etan, eta azkenak 13.19ean. Sei luze eta bost ziaboga egingo dituzte eta denbora motzenean egiten duenak eramango du Adinberri bandera.
Adinberri Fundazioko zuzendari Rakel San Sebastianek hitza hartu du, eta lehenik Jokin Perona hil berri den diputatua oroitu du. Jarraian, zahartzearen estrategiarako fundazioa dela Adinberri azaldu du eta Trintxerpen egongo da kokatuta. “Adinberrirentzat plazer eta ohore bat da hemen egotea eta bandera babestea” azaldu du. Adinberriren estrategia nagusiaren ildoekin bat egiten duela arraunak azaldu du “kirola eta ongizate pertsonala ezinbestekoak dira zahartzaroaren prebentzioan”. Gaztetatik kirola babestearen ideiarekin eta komunitatea sortzearekin bat egiten du Adinberrik eta Pasaiak arraunarekin daukan tradizioaren ohitura bultzatu nahi dute.
Alberro alkateak itxi du agerraldia, eta hasteko, doluminak eman dizkio udalaren izenean Peronaren senideei ere. Pasaiak arraunarekin duen tradizioa eta harremana kontutan izanda eskerrak eman dizkie babesleei egiten duen apustuagatik. Sanpedrotarra arraun elkarteari eta TKEri ere eskerrak eman dizkio. “Ea Libiak estropada ona egiten duen” xaxatu du. Bandera hauek urteetan irautea desio izan du alkateak.
Beroaldi handia espero da iganderako eta ondo hidratatuta egoteko ohartarazpena egin dute antolatzaileek.