Enrique Abril Errebote Txapelketarekin hasiko da denboraldi berria
Asteburuan hasiko da lehiaketa ofizialen 2024-25 denboraldia, eta ondorioz, Txost pilota taldeak ere ikasturteko lehen partidak jokatuko ditu.
Larunbat honetan (irailak 7) hasiko da lehiaketa ofizialen 2024-25 denboraldia, eta hasiera berriarekin Enrique Abril Errebote Txapelketa ere abiatuko da.
Txapelketaren 61. edizioa izango da aurtengoa, eta Txost taldea lehiaketan izango da Euskal Herriko beste lau talderekin batera. Itzuli bateko ligaxka jokatuko dute, asteburu honetan hasi eta urriaren 13ko jardunaldira arte. Ligaxka lehen postuan bukatzen duen taldeak finalerako zuzeneko txartela lortuko du, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute urriaren 20an. Aurreratu dute, gainera, eguraldiak ez badu txapelketaren martxa baldintzatzen, finala urriaren 27ko jardunaldian izango dela Oiartzungo plazan.
Asteburuan, beraz, hainbat partida izango dira Oiartzunen:
- Larunbata, irailak 7: Enrique Abril Errebote Txapelketa. Txost – Zubieta, 10:30etan Beheko plazan.
- Igandea, irailak 8: Bote Luzeko Gipuzkoako taldea. 10:30etan.