Erremonteaz gozatzeko aukera bikoitza Antxon
Erremontari Herriz Herri jaialdiak geldialdia egingo du Pasaian hilaren 15ean. Lehen mailako bi partida jasoko ditu Antxoko Ibaiondo pilotalekuak.
Erremontearen zaleek hitzordu garrantzitsua izango dute datorren hilaren 15ean (igandea da) Pasaian. Erremontari Herriz Herri saioak geldialdia egingo du hurrengo igandean herrian, Antxoko Ibaiondo pilotalekua agertoki nagusi izanik. EITBren laguntzarekin antolatu du udalak jaialdia.
Bi partida jokatuko dituzte bertan, set formatuan biak. Goikoetxea V eta Zubirik osatutako bikoteak Segurola eta Apezetxea izango dituzte aurrez aurre, eta jarraian, Ezkurra II eta Larrañaga bikotea Jabalera eta Azpirozen kontra ariko da. 12:00etan hasiko dute jaialdia. Doakoa izango da jaialdia.
Jaialdi hau, udaleko iturrien arabera, “erremontea euskal herritarren artean ezagunagoa egiteko” helburuz jaio zen. Aurten, gainera, urrats bat aurrea egin nahi izan dute antolatzaileek, inoizko partaidetza handiena espero baita, tartean, pasaitarrena.