Azken hilketa matxista salatuko dute gaur Errenteria-Oreretan
Bilboko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du gaurko Oreretako Asanblada Feministak.
Joan den asteazkenean (hilak 11) Bilbon izandako erailketa matxista salatzera deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak. Oreretako Asanblada Feministak ere deialdi horrekin bat egin du, eta elkarretaratzea deitu du gaurko (hilak 13). Niessenen kanpoaldean bilduko dira, 19:00etan, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lemapean. Udalak ere bat egin du gaurko deialdiarekin. Hemen alderdi guztiek adostutako adierazpena irakur daiteke.
Asteazken gauean izan zen hilketa matxista, Bilboko Santutxu auzoan. Ustez, haren bikotekidea da hiltzailea. Aurten indarkeria matxistak eraildako hirugarren emakumea da. 2003tik gaurdaino, 122 emakume eta 12 haur hil dituzte.