[Erreportajea] Familia ugariak, erdigunera
Poztasuna eta alaitasuna. Sentipen horiek nabarmentzen dituzte familia ugarietako kide ez direnek, familia ugarietatik. Haatik, ez da erraza kide askoko familien egunerokoa, eta horri aurre egiteko sortu zuten Hirukide 1999an.
Hirukide Euskadiko Familia Ugarien Federazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde independentea da, 1999an sortu zena Arabako (Hirukide Araba), Bizkaiko (Hirukide Bizkaia) eta Gipuzkoako (Hirukide Gipuzkoa) familia ugarien elkarteek bat egin zutenean. 2003an onura publikoko elkartearen aitortza jaso zuen Hirukidek, eta gaur egun 8.200 familiak —45.000 bazkidek— osatzen dute. Noski, familia horiei zerbitzu, abantaila eta jarduera ugari eskaintzen dizkiete. “Hirukide azken 25 urteetan seme-alabak dituzten familien eta familia ugarien arloan eman diren aurrerapen askoren bultzatzaile edo protagonista izan da”, azaldu du Ibai Arberas Hirukideko kideak.
Eta, badute, noski, helburu garbi bat ere: kolektibo horren —familia ugarien— eskubideak defendatzea bizitza instituzional, sozial, mediatiko eta enpresarialaren esparru guztietan. Hala ere, zuzenean helburuen inguruan galdetuta, Arberasek argi du erantzuna: “Gizarte inklusiboago eta lagunkoiago bat lortzea da gure helburu nagusia, bertan familia ugariak baloratu eta babestu beharreko ondasun unibertsalak direla onartuko duena. Aldaketa kultural bat sortu nahi dugu, askotan babesik gabe edo noraezean baitaude familia horiek guztiak. Instituzioen eremuan, babes hori lortzeko familia ikuspegia txertatuko da arau eta erregulazioetan, familia politiketan, lan arloan, etxebizitzan, garraioan, hezkuntzan, osasunean eremu fiskalean… errentaren araberako mugak edo baremazioak dauden familia errenta kontuan hartuta”. Era berean, erakundeak eta gizarte eragileak kontzientziatu nahi dituzte lana eta familia bateragarri egiteko orduan neurri hobeak ezartzeko.
“Gizarte inklusiboago eta lagunkoiago bat lortzea da gure helburu nagusia“
Ibai Arberas. Hirukideko langilea.
Ehunka dira erakundea ezagutzen dutenak, baina, halere, haien berri lau haizetara eman nahi du Hirukidek, nahiz eta 25 urte hauetan ibilbide oparoa egin duten. Ildo horretatik, hilaren 17an (asteartea) aurkezpen bat egingo dute Oiartzunen, eta inguruko udalerrietako familia ugariei bertaratzeko deia luzatu diete.
Hitzorduan, hala nola familia ugaria izategatik dauden eskubideak; laguntzei, hobariei, baimenei eta abarrei buruzko berrikuntzak; Familien Lege Berriaren aurreproiektuari buruzko informazioa; Oiartzungo eta inguruko herrietako familia ugarien egoera eta premiak; zein federazioaren beraren lana izango dituzte mintzagai: hirukide.com webgunean eman behar da hitzordura bertaratzeko izena. 18:00etan izango da aurkezpena udaletxeko osoko bilkuren aretoan, baina gerturatzerik ez dutenei edota informazio zuzena jaso nahi dutenei arreta emango diete 09:30etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:30etara, areto berean.
Bada, babesik gabe dauden kolektibo gisa definitu ditu familia ugariak Arberasek, baina datuei erreparatua, beherantz egin ez duen kolektibo bakarra da. Zehazki, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan jaiotzen kopurua %35 jaitsi den bitartean, hirugarren edo ondorengo haurren jaiotza tasa %7 hazi da.
Indarra egiteko leku bat
Hirukidek laguntza eskaintzen du, eta, badira haien laguntza zinez gustura hartzen dutenak; horren adibide da Maitane Zubizarreta oiartzuarra. 5, 9 eta 12 urteko haurrak ditu Zubizarretak, eta Oiartzunen familia ugariko familia asko daudela azaldu du. Hain justu, horrela izan zuen Zubizarretak Hirukideren berri, kalera atera eta bata eta bestearekin solasean zebilela. Haur txikiena jaio zenean —duela ia 6 urte— elkartearekin harremanetan jarri, eta erabaki zuen kide egitea.
“Pentsatzen genuen —senarrak eta berak— laguntza bat izango zela informazioa lortzeko, euskarri bat izateko momentu batzuetan… Askotan ez dakigu ezta norbere eskubideak zein diren” dio Zubizarretak. “Gero ere ikusi dugu erakundeen aurrean, esaterako, gure eskariak entzuteko orduan indarra egiteko modu bat dela. Iruditzen zait indarra egiteko leku bat dela Hirukide” jarraitu du.
Egoera berdinean dauden familiei nolabaiteko babesa eta elkartasuna adierazteko balio du Hirukidek. Hain zuzen, haurrei kalitatezko momentuak ematea eta kontziliazioa izan ditu hizpide Ane Briñas errenteriarrak. Hiru haur ditu Briñasek ere (7 urte zaharrenak eta 4 urte txikiek); azken biak, bikiak. Ume bakarra izatetik hiru izatera pasa ziren Briñas eta haren senarra, eta esperientzia gogorra, nekagarria eta intentsua izanik ere, azaldu du asko ikasi dutela familia ugari izaten, eta momentu gozoak izaten dituztela jakinarazi du. “Beti esaten dut haserreak eta momentu txarrak hirukoizten diren bezala, momentu gozoak eta politak ere hirukoiztu egiten direla”, aitortu du Briñasek.
Egoera polita bada ere, errenteriarrak esan du etxe batean ume gehiago daudenean helduak baino, kasu askotan kaosa eta “superbibentzia” gailentzen direla. Adibide bat jartze aldera, besarkadak izan ditu hizpide. “Hirurek batera besarkada bat eskatzen badigute, ezin diegu eman, gu bi garelako, eta haiek hiru”. Eta, errutinaren gurpila ere aipatu du: “Egunerokoan korrika ibitzen gara, errutinan sartuta, eta benetan haurrei denbora eskaintzea eta esatea ‘jo, begira zeinen gustura egon garen’ ez da erraza. Gauza ezberdinak egin nahi ditugu askotan, baina ez gara denera iristen”.
“Gauza ezberdinak egin nahi ditugu askotan, baina ez gara denera iristen”
Ane Briñas. Hirukideko kidea.
Polita bezain korapilatsua
Antolaketa zorrotza eta kontziliazioa nabarmendu dituzte Briñasek zein Zubizarretak familia ugari izatearen erronken artean. Zubizarretak azaldu du hark eta senarrak badutela nolabaiteko zortea, lanean malgutasunerako aukera dutelako, eta beraz, haien lana haurren ordutegien arabera dutelako antolatuta. Briñasek ere lana, etxeko lanak, heziketa, lagunak, aisialdia… hamaika gauza lotu behar direla dio ordutegiak koadratzeko; “tetris bat” egiten dute. Egia da lortu dutela nolabait antolatzea, baina senarrak murrizketa bat eskatu behar izan du horretarako.
Irakaslea da Briñasen senarra, eta murrizketa hori eskatu badu ere, nabarmendu du haurrak oporretan daudenean senarra ere horrela izaten dela, eta beraz, alde horretatik ondo moldatzen direla, “baina haurrak gaixotzen direnean edo biok lanean gauden momentuetan oso zaila” izaten dela haurrak lekuren batean “kolokatzea”.
Horren guztiaren gainetik, ordea, esperientzia aberasgarri gisa definitu du Zubizarretak familia ugaria izatearena: “Horren adin ezberdinetako haurrak izateak batzuetan eromena suposatzen du, denek behar ezberdinak dituzte-eta. Hala ere, oso polita da ikustea denak zein ondo eramaten diren eta zenbat maite duten elkar, nahiz eta egunerokoan liskarrak ere sortzen diren”.
“Oso polita da ikustea denak zein ondo eramaten diren eta zenbat maite duten elkar”
Maitane Zubizarreta. Hirukideko kidea.
“Gauza onak besterik ez”
Briñasek eta haren senarrak bikiak izango zituztela jakin bezain pronto, eta beraz hiru haur izango zituztela ohartzean, Interneten informazio bila hasi ziren, eta horrela egin zuten topo Hirukiderekin. Familia ugariko txartela atera bezain pronto federazioko bazkide egin ziren, eta ez dira damutu. Hirukideren bidez izaten dute diru laguntzen berri, beherapenen berri… Baina batez ere aholkularitza baliatzen du familia horrek: “Jendeak uste du familia ugaria izategatik beherapen handiak izaten ditugula, baina hori ez da errealitatea. Federazioko bazkidea izateagatik izan baditugu abantailak, baina niretzat Hirukidek eskaintzen duen arreta hori da azpimarragarriena”. Horrela jarraitu du: “Ez zaituzte ezertara behartzen. Jendea bazkide egitera animatuko nuke, edozer dela ere laguntzeko daudelako. Guri behintzat gauza onak besterik ez dizkigu ekarri. Bazkide egiten zara, eta zerbait behar duzunean hor daude laguntzeko”.
Briñasek aipatutako babes horrez gain, Hirukidek eremu publikoan zein pribatuan egiten du lan familia ugarien ekarpen soziala, nahiz babes ekonomiko eta laborala “erabat” aitortzeko. Horretaz gain, eta Briñasek aipatutako aholkularitzaz gain, hainbat motatako laguntza eskaintzen du elkarteak: informazioa, jarduerak, boluntariotza, formazioa, baita Hirudenda zerbitzua ere: 1.300 akordio lortu dituzte erakunde eta enpresa pribatuekin, Hirukideko bazkideek elikaduran, hezkuntzan, erregaian, aisian eta bestelakoetan abantailak eta beherapenak izan ditzaten. Hirugazte, berriz, 15 eta 25 urte arteko Hirukideko gazteen komunitatea ere badute.
Lorpenak, ugari
Familia ugarien errekonozimendu falta eta laguntza eskasia izan ziren Hirukideko kideak elkartea sortzera bultzatu zituena. Gogor aritu dira hasieratik lanean, eta ordutik lorpen handiak egin dituzte bere. Gaur egun bederatzi pertsonako lantaldea dute buru-belarri egunerokoan familia ugariei laguntza ematen. “Seme-alabak dituzten familiak eta familia ugariak euskal agenda politiko, publiko eta sozialean daude”, dio harrotasunez Arberasek.
Aldundiek emandako titulu ofizialaz gain, familia ugariko kide bakoitzarentzako txartel indibiduala ezartzea lortu dute, baita familia ugarien izaera zabaltzea ere haur gazteenak 21 urte egin arte, edo, aitzitik, 25 urtera arte ikasten jarraitzen badu.
Horrez gain, pixkanaka izan bada ere, Familia Errenta Estandarizatuaren sistema sortu eta ezartzea lortu dute. Hala, Hirukideren eragin politikoari esker, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 125 udal inguruk hobariren bat eskaintzen dute familia ugarientzako zerga, tasa eta prezio publikoen arloan. Adibidez, familia ugarientzako bonu sozial elektriko eta termikoa martxan jartzea lortu zuten.
Bestalde, familia ugarietako kideek NA eta pasaportea egin eta berritzerakoan, horren tasa salbuestea lortu dute, bai eta familia ugarientzako deskontuak hiriko eta hiriarteko garraioan, nahiz hobariak lortzea ere ibilgailuen matrikulazioan eta erosketan. Zerrenda amaigabe bat egiteko adina lorpen eta garaipen ditu Hirukidek, baina horiek nabarmendu dituzte nagusien artean.
Hirukide familiako kide izateko prozedura, gainera, oso erraza da; familia ugarien titulua indarrean izatea eskatzen da soilik, eta hori ziurtatu ondoren, hirukide.com atarian duten bazkideen fitxa bete behar da. Familia ugari baten kuota 42 eurokoa da urteko.
Hitz gutxitan, horrela zerrendatzen ditu Arberasek familia ugarien eguneroko oztopoak: “Arlo sozialean axolagabekeria edo enpatia eza sentitzen dituzte; oro har, eremu askotan horrelako familientzat pentsatuta ez dagoen gizarte batean bizi behar dute. Arlo pertsonalean, aldiz, kontziliazio arazoak eta estutasun ekonomikoak dituzte”. Hirukidek erdigunean jarri nahi ditu familia ugariak, bizitza erraztu nahi die, eta modu batean edo bestean, laguntza eskaini. 45.000 bazkide inguru ditu egun, baina, lortu dutena ikusita, laster izango dituzte beste horrenbeste.
Hirukide elkarteak urteen poderioz hartu duen indarra ikusita, eta kontuan izanik 25 urte luzez lanean jardun duela, ospakizunerako unea heldu da. Hori horrela, urte osoan zehar mota askotako jardunaldi eta ekitaldiak antolatu dituzte; horien artean garrantzitsuenetako bat Familia Ugarien XIV. Biltzarra izango da. Azaroaren 2an eta 3an izango dira jardunaldiak, eta Adin txikikoak eta teknologia berriak gaiaren gainean ardaztuko da jarduera. Hainbat adituk zenbait gako emango dituzte seme-alabei sareko arriskuei aurre egiten laguntzeko.
Donostian izango da biltzarra, eta Hirukideko zein Espainiako Estatuko lurralde batzuetako familiek ekitaldiarekiko izan duten harrera eta izen emate kopuru handia ikusita, izen emateak itxi egin behar izan dituzte. Larunbaterako (azaroaren 2rako) bi egitarau sortu dituzte, bata helduentzat eta gazteentzat bestea. 09:30ean hasiko dira biak, baina lehen ekitaldiek 10:30ean izango dute leku.
Oro har, bi egitarauetan hitzaldiak izango dira nagusi, eta Marc Masip eta Catherine L’Ecuyer izango dira hizlariak. Masip teknologia berriekiko adikzioetan aditua den psikologoa da, baita Desconect@ programaren sortzailea ere. L’Ecuyer, berriz, doktorea da hezkuntzan eta psikologia arloetan, ikertzailea ere bai, eta hezkuntzan, nahiz haurtzaro eta nerabezaroan teknologia berrien erabileraren gaineko hainbat liburu eta artikulu ere idatzi ditu.
Igandean (azaroaren 3an) Igeldoko atrakzio parkera egingo dute bisita, eta bazkariarekin bukatuko dute aurtengo kongresua. Informazio gehiago www.congresofamiliasnumerosas.org helbidean aurki daiteke.