Itsasoaren zaintzaren alde, indarrak batu dituzte
Zenbait ingurumen eragilek bat egin eta 'Aldaketarako marea' izeneko kontzientziazio egitasmoa abiatu dute. Hilabete batez, askotariko ekintzak eskainiko dituzte herrian eta inguruko natur eremuetan, kontzientziak pizteko asmoz.
Itsasoaren zaintzaren beharraz kontzientziatzeko eta hura garbi mantentzeko bidean indarrak batu dituzte Pasaiako Udalak, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak, Cimasub Nazioarteko itsaspeko Zinema Zikloak, Libera proiektuak, Buceo Donostik, Itsas Zaintza Sareak eta Red de Vigilantes Marinos-ek. Horietako ordezkari batzuk Iraitz Pazos zinegotziarekin batera izan dira gaur Donibaneko Bizkaia plazan, azken egitasmoa aurkezteko. Aldaketarako marea: itsasoaren zaintzaren aldeko hilabetea izena jarri diote kontzientzia egitasmo honi.
Datorren hilaren 26an Munduko Itsas Eguna izango da, eta data hori probestuz, antolatzaile lanetan dabiltzan eragileek euren kabuz antolatutako ekintzak elkartzeko erabakia hartu dute. Pazosen arabera, “harro egoteko modukoa da gaur hona bildu gaituen arrazoia. Izan ere, benetan pozgarria da hainbeste eragile bat eginda ikustea itsasoaren zaintzaren alde, eta Pasaia izatea saiakera horren epizentro”. Gai honek “benetako larritasuna eta ekintzarako premia” duela gaineratu du udal ordezkariak, eta udalaren izenean, horren alde egiteko konpromisoa berretsi nahi izan du.
Mater-eko zuzendari Suberbiolak hartu du hitza gero. Hilabete honen barruan, hiru ekintza mota antolatu dituztela azaldu du, guztiak doakoak. Batetik, Alabortzako itsas hondakin bilketa aipatu du, eta hurrengo igandean (hilak 29) izango dela auzolanean eremu hori garbitzeko hurrengo deialdia. Bestetik, Jaizkibel eta Ulia mendietako ingurumen egoeraren jarraipena egiteko abiatu berri duten Kostaldea Ikertzen egitasmoan parte hartzera deitu ditu herritarrak, igandean izango da lehen irteera. Azkenik, itsas hondakinak arrantzatzeko irteerak egingo dituzte herritarrekin haien ontzian. Hiru proposamen horietatik harago, hilabete honetan zehar sentsibilizazio kanpainak abiatu eta ingurumen hezkuntza euskarriak kaleratuko dituzte erakusketa ezberdinekin. Han izango dira Zabor eta Bio erraldoiak, azken garbiketa saioetan bildutako zabor guztiarekin batera, “herritarrek kontzientzia har dezaten”. Mater-ek antolatutako ekintza guztiak hemen kontsulta daitezke.
Hil honetan ere itsaspeko zinemarik onenaz gozatzeko aukera izango da Cimasubi esker. Izan ere, David Sanchez zuzendariak aipatu duenez, hiru ostegunez (hilaren 26an, urriaren 3an eta urriaren 10ean) emanaldi bana eskainiko dute Juanba Berasategi aretoan, 19:00etan. Urpeko irudi onenak izango dira ikusgai, ikus-entzunezko lan baten bidez zein aretoan bertan jarriko duten argazkien erakusketa batekin. “Zinemaren eta argazkigintzaren bidez, Cimasubek ozeanoen edertasuna eta biodibertsitatea erakutsiko ditu, eta, aldi berean, giza ekintzaren ondorioz ozeanoek pairatu beharreko egoera kritikoaz sentsibilizatzen du, esan du.
Buceo Donostiko Oscar Mayorrek aipatu du urpekariek “hondakin eta zabor pila batekin” egiten dutela topo. “Hiriguneetatik, kirol jardueratik, laketontzietatik eta ibaien bokaleetatik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta hondakin gehiago dago, eta arazoa are handiagoa da”, esan du. Taldeko urpekariek jasotako hondakinak ere ikusgai izango dira aipatutako erakusketa horretan.
Gaurko aurkezpenean izan diren eragile guztiek ingurumenaren zaintzaren alde “aletxoa” jartzera deitu dituzte pasaitarrak, hilabete honetan, eta datozen guztietan.