Udazkenean, Lezo kulturaren erreferente
Iraila eta abendua bitartean 53 kultur ekitaldi jasoko ditu herriak. Berritasun bat dago eskaintzan: antzerki talde amateurren topaketa.
Lezo eta kultura. Azken urteetako lanketa sakonen ondorioz bat datozen bi hitz. Udalerri bat, eta sormenarekin pertsonak aberasteko, hezteko, eta askeago izateko nahia hemengo eta hango sortzaileen bitartez. Bide hori darama Lezok duela uste askotik, eta horri eusteko konpromiso irmoa azaldu dute gaur Jon Legorburu Kultura zinegotziak eta Xanti Val Kultura teknikariak. Konpromiso horren adierazle, udazkenerako udalak eta herriko eragileek antolatu dituzten kultur proposamenak, 53 denera. Gaur aurkeztu dituzte horiek denak. Kultura erreferente izate horretan, aniztasuna: dantza, antzerkia, zinema emanaldiak, poesia, ipuin kontaketak, musika, hitzaldiak… Horiek genero nagusiak, “Lezo kulturaren erakusleiho da” esan dute udaleko ordezkariek. Aldi berean, abuztu-iraileko Kilometro Lezoren balorazio baikorra egin dute, “jende askok parte hartu du”.
53 atomo txiki, denak karga handiz beteak. Horiek iraila eta abendua bitartean herriko kultura eskaintzaren oinarrian. Atomo horietako dezentek molekulak osatuko dituzte, hainbat proposamen ziklo edo jarduera sorta zehatzen barruan izanen direlako. Egitarauaren zenbakizko errepasoa egin du lehenik Legorburuk, errepaso kualitatiboa egin aurretik: 36 eskaintza orokorrak izango dira, eta beste hamazazpi Tomas Garbizu Musika Eskolatik sortutakoak. Horien denen nolakotasunean sakondu du udal ordezkariak: haurrentzako 14 ekintza daude, helduentzako 15, musika eskolarenak 17 dira, eta horrez gain Antzerki Testu Laburren Lehiaketaren barruko II. Irakurketa Dramatizatuen Partida (urriaren 5ean), Poesia Kaiaren laugarren ekitaldia (azaroaren 14 eta 16an) nahiz aurten berritasuna den Antzerki Ametsetan antzerki konpainia amateurren topaketa (urriaren 25etik 27ra) nabarmendu ditu hautetsiak.
“Aurtengo azken hiru hilabetetako agenda osatzeko garaian azken aldiko ildo berbera jarraitu dugu. Kulturako profesionalak lagundu nahi ditugu, garrantzitsua da guretzat haiekin egon eta bultzatzea. Herri txiki-ertaina gara. Argi dugu berritasunetan sartzeko aukera badugu, sartuko garela. Kultura guztia da ongietorria herrira. Jendea antzerkira joatera edo edozein ekintzetara ohitu da. Ez lezoarrak bakarrik. Kanpokoak ere datoz hemengo kalitatezko edukiak ikusi eta gozatzera. Esan daiteke erreferente garela kulturan. Jendea harrituta gelditzen da zer-nolako ikuskizunak datozen Lezora. Parte hartzea handia da”; horrela hasi du zinegotziak irakurketa kualitatiboa. Baieztapen horiek berresteko, datu bat eman du Xanti Val teknikariak: antzerkian, Euskal Herriko Antzoki Sarearen barruko asistentzia altuenetakoa du Gezala Auditoriumak, %70ekoa. “Fideltasun handi bat lortu dugu Lezon. Sekulakoa da hori herri txiki-ertain baterako. Lezo, maila batean, hemendik kanpo ere erreferente da. Jende askok Lezo kultur proposamen asko eta kalitatezkoak dituelako ezagutzen du”, zehaztu du Valek: “Gainera, artista askok Lezora etorri nahi dute. Lehen tiraka aritzen ginen sortzaileak erakartzeko. Orain alderantziz da”. Berritasunen eta apustuen aldeko jarrera azaldu du Valek, eta horren adibide Antzerki estu Laburren Lehiaketa eta horren barruko II. Irakurketa Dramatizatuen Partida, edo Poesia Kaia jarri dituzte.
Helduei begira bakarrik ez. Haurrei begirakoa era bada udazkeneko proposamen sorta. “Haurrak kulturan haztea eta heztea da gure asmoetakoa”, ebatzi du Valek, “horregatik haiei begirako egitaraua ere askotarikoa da. Eurek erabaki dezatela zer eta nola ikusi”.
Gaurkoan iraila-abendu arteko egitaraua aurkeztu dute, traza nagusitan. Aurrerago emango dituzte zehaztapen gehiago Poesia Kaiari, Lezoko II. Irakurketa Dramatizatuen Partidari, edo Antzerki Ametsetan antzerki talde amateurren topaketaren gainean.
Udazkeneko eskaintza oso-osoa Lezoko Udalaren webgunean ikus daiteke. Gainera, emanaldi batzuetarako sarrerak erosi edo erreserba egin behar dira: hemendik egin kudeaketa lan horiek.
Lagin bezala, beheko koadroan, irail eta urruko emanaldien zerrenda dago.
- Hilak 21, larunbata. 12:30ean, Aiton Bordarik, kantu jira.
- Hilak 29, igandea. 19:30ean, Gezalan, Flores de España antzerkia Los Sueños de Fausto konpainiarena, Etxetxo Lezoko Memoria Historiko Taldearekin elkarlanean.
- Urriak 2, asteazkena. 18:15ean, Andreone liburutegian, Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa 4-7 adin tartekoentzat: Ezkur urte, sagu urte.
- Urriak 5, larunbata. 19:30etik, Lezo Herri Eskolako patioan, Lezoko II. Irakurketa Dramatizatuen Partida.
- Urriak 6, igandea. 19:30ean, Gezalan, La Loquace Cie konpainiaren Viva! antzezlana. Etxetxo Lezoko Memoria Historiko Taldearekin elkarlanean.
- Urriak 9, asteazkena. 18:15ean, Andreone liburutegian, Mikel Susperregiren ipuin kontaketa 4-7 adin tartekoentzat: Azaritunboko zuloan.
- Urriak 12, larunbata. 17:00etan, Gezalan, Robotia aurrentzako animazio filma Lezoko Zinema Ttikiarekin elkarlanean.
- Urriak 12, larunbata. 19:00etan, Gezalan, Kostaldetik gertuko istorioak dokumentala Lezoko Zinema Ttikiarekin elkarlanean.
- Urriak 16, asteazkena. 18:15ean, Andreone liburutegian, Lupe Lekuonaren ipuin kontaketa 4-7 adin tartekoentzat: Platanoak jaten zituen sagua.
- Urriak 18, ostirala. 17:15ean, Gezalan, Batetik bestera kontzertua haurrentzat Benetan Be taldearekin.
- Urriak 19, larunbata. 12:30ean, Aiton Bordarik, kantu jira.
- urriak 20, igandea. 19:30ean, Gezalan, Mari Zaunka dantza konpainiaren Erreka ondoan bi gezur ikuskizuna.
- Urriak 23, asteazkena. 18:15ean, Andreone liburutegian, Pello Añorgaren ipuin kontaketa 4-7 adin tartekoentzat: Liburua.
- Urriak 25, ostirala. 16:30ean, Tomas Garbizu Musika Eskolan, ganbera musika emanaldia.
- Urriaren 25etik 27ra. Antzerki Ametsetan antzerki talde amateurren topaketa. Honakoak saioak (denak Gezala Auditoriumean dira).
- Urriaren 25ean. 19:·30ean, Donostiako Zurriola antzerki taldearen Bernarda klownaren etxea.
- Urriaren 26an, 19:30ean, Pasai San Pedroko Aleka antzerki taldearen Koltxoi azpian.
- Urriaren 27an, 19:30ean, Durangoko Karrika antzerki taldearen Badator… etorriko da?
- Urriaren 27an, 19:30eko saioaren jarraian, Debako Goaz antzerki taldearen Lotura basatiak.