Biteri plazako zinema aretoa, gazteen zain
Zinema Kalean-en azken emanaldia jasoko du gaur Antxoko Biteri plazak. Fermin Muguruzaren 'Bidasoa 2018-2023' dokumentala proiektatuko dute aire zabalean, doan.
Gaur (hilak 20), eta aurten azkenekoz, Pasaiako plaza bat zinema areto bilakatuko da. Oraingo honetan Antxoko Biteri plazak jasoko du Zinema Kalean egitasmoaren azken proiekzioa. 22:00etan hasiko da, eta aurreko guztiak bezalaxe, sarrera librea izango da, eserleku guztiak bete arte. Euria egiten badu, Kultur Etxera lekualdatuko dute emanaldia.
Errotzen ari den egitasmoa da Zinema Kalean. Uda honetan hiru emanaldi izan dira Antxon eta Donibanen, eta izandako harrerarekin pozik da Udaleko Hizkuntza-normalizaziorako teknikari Antton Cuadrado. «Emanaldi guztiak ongi joan dira, espero bezala. Jendeak erantzun du, oso gustura jaso dute egitasmoa».
Gazteen aisialdian eragin nahi du egitasmoak, haiek protagonista nagusiak izanik. Izan ere, gazteen proposamen batetik etorri zen jarduera: Bokalek herriko gazte taldeekin duen harremanetik jaio da zinema kalera ateratzeko egitasmoa. Euskaren Plan Estrategikoaren barruan txoko bat egin zioten proiektuari, gazteek hala eskatuta. «Erabaki genuen gazte elkargune bat sortzeko beharra zegoela, gazteek haientzako euskarazko aisialdia antolatu zezaten, haien gustuko ekintza eta emanaldiak onduz. Eta, noski, euskaraz». Hutsune hori betetzera etorri ziren Zinema Kalean, eta beste hainbat proiektu ere zentzu horretan doaz. «Aisialdian hutsune bat ikusten dute gazteek. Eskaintza gehiena gaztelaniaz da, karteleran dagoen ia guztia adibidez, gaztelania hutsean da. Euskarazko alternatibak behar dituzte, horretaz jakitun dira. Emanaldi asko ez badira ere, euskarazko zinemaz gozatzen ari dira».
Proiektua fintzeko herriko gazte taldeekin harremanetan jarri zen udala, kasu, Antxoko Papineko Gazteriarekin eta Donibaneko Erreka taldekoekin. Aurrerago, eta ikasturte berriari begira, Trintxerpeko eta San Pedroko gazteak batuko direla azaldu du Cuadradok. Bi barrutietan ere proiekzioak egingo dituzte datorren urtean.
Proposamenak egitetik harago joan nahi duten gazteekin hasi duten bide berri hori, hau da, erdigunean jarri nahi dituzte, eta bizitzako esparru guztietan protagonista bilakatu. «Gazteek eskatutako hori beraiek antolatzea da asmoa, antolakuntzan parte har dezaten. Kasu honetan aulkiak jarriz, deialdiaren zabalkundea eginez… Gazteak aktibatu nahi ditugu, eta gure laguntzarekin, beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriz, euskaraz nahi duten hori antola dezatela».
Gaurko emanaldian Bidasoa 2018-2023 dokumentala proiektatuko dute. Migratzaileek Europara iristeko egindako bidaia kontatzen du ikus-entzunezko lan arrakastatsu horrek. Irundik Hendaiara pasatzen ari zirela bizia galdu dutenak gogoratu eta bide batez, indarkeriaz inposatutako muga horrek eta bertan Frantziako poliziak ezarri dituen kontrol arrazistak salatzen ditu, besteak beste. Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak egin duen azken lan handia izan da, Euskal Herrian eta kanpoan oihartzuna izan duena.
Zinematik harago
Udaleko teknikariak aipatu du Zinema Kalean-ek jarraipena izango duela datorren urtean, baina harago joateko nahia dutela azaldu du. «Asmoa ez da bakarrik Zinema Kalean antolatzea. Nahi duten hori entzuteko eta egikaritzeko prest da udala. Urte honetan bide bat ireki dugu zenbait gazterekin, eta orain batu ez diren horiekin hasiko dugu».
Zentzu horretan, interesa duten gazteei, udalarekin baino, gazte taldeekin zuzenean harremanetan jartzeko gonbita egin die Pasaiako Udaleko teknikariak: «Ideiak ekartzeko eskatzen diegu, guztiak entzuteko prest eta gogotsu gaude».