Euskara eta kultura aniztasuna sustatu nahi ditu UEMAk
'Euskara eta Kulturartekotasuna Udalerri Euskaldunetan' programa abiatuko dute herriko ikastetxeek udalaren eta UEMAren laguntzaz.
Oiartzunen, euskara eta kulturartekotasuna sustatzeko programa –Euskara eta Kulturartekotasuna Udalerri Euskaldunetan– abiatuko dute herriko ikastetxeek udalaren eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) laguntzaz. Programak bi helburu ditu: batetik, ikastetxeetan euskara izatea komunikatzeko hizkuntza, eta, bestetik, euskaraz ez dakiten herrikideei tresnak ematea ulermena errazteko eta haien parte hartzea bultzatzeko.
Herri euskaldunetako biztanlerian aldaketa demografiko handiak gertatu dira, eta horiek eragin zuzena izan dutela gizartean azaldu du Irati Odriozola UEMAko euskara teknikariak. «Erronka nagusi bati erantzun behar dio Oiartzunek: nola indartu euskararen erabilera eta presentzia hezkuntza komunitatean zein herrian, betiere euskaraz ez dakiten familia eta herrikideekiko komunikazioa bermatuz eta kulturarteko harremanak eraikiz».
Urmendi Haur Eskolak, Elizalde Herri Eskolak, Elizalde Institutuak eta Haurtzaro Ikastolak hilabete batzuk daramate egitasmo hau Oiartzunen nola abiatu aztertzen, eta ikastetxe bakoitzak duen errealitatearen arabera aplikatuko dute UEMAk proposatu duen metodologia.
Programak hainbat aldagai ditu: batetik, Oiartzunen euskaraz bizitzen jarraitzea; baina badira euskaraz ez dakiten familiak ere, eta programaren helburuetako bat da familia horien parte hartzea bermatzea. Bide beretik, familien arteko harremanak sendotu nahi dituzte. Azkenik, ikastetxeetan tresna eta egiteko modu berriak jarri nahi dituzte abian ikasturte honetan; hala nola aldibereko itzulpenak, talde dinamikak, testuak eta mezuak euskaratik norbere hizkuntzara itzultzeko baliabideak…
Ikastetxe bakoitzean talde eragile bana sortu da, eta horiek aztertuko dituzte ikastetxeetan hizkuntzari lotuta sortzen diren zalantzak. Urmendi Haur Eskolak, Elizalde Herri Eskolak eta Elizalde Institutuak UEMAk orain arte beste herrietan aplikatu duen moduan burutuko dute egitasmoa; haatik, Haurtzaro Ikastolak hainbat urrats emanak dituenez, UEMAren proposamenarekin bat egin eta egokitzapenak egingo ditu ikasturtean zehar.
Bilera orokorrak gurasoentzat
Irakasleei programa azaltzeko bilerekin hasiak dira, eta orain, gurasoen txanda heldu da.
Lehen bilera hilaren 25ean (asteazkena) izango da, 17:30ean Elizalde Herri Eskolan eta Institutuan. Bigarren saioa Urmendin izango da, urriaren 9an, 17:00etan, eta, azkena Haurtzarokoa izango da, azaroaren 11n, 17:00etan. Saioetan aldibereko itzulpena egongo da.
