Musika tradizionalen mestizajea, laugarrenez
Herri Arte Eskolak laugarrenez egin du konexioa beste herri eta kulturekin. Galizia, Katalunia eta Galesen ondotik, Asturias heldu da. Igandean eramango dute oholtzara elkartrukearen emaitza den ikuskizuna: Asturiar Konexioa.
Galizia, Katalunia, eta Galesen ondotik Asturias heldu da. Herri Arte Eskolak sustatutako elkartruke berriaren emaitza ikusi ahalko da Atlantikaldian, igandean 12:00etan, Itsasargi Nagusian. Asturiar konexioak, bi lurraldeetako musika, kantua eta dantzaren mestizajea eramango du oholtza gainera, eta bertan ariko dira Herri Arte Eskolako 50 ikasle eta irakasle, eta Pola de Sieroko (Asturias) Laura Ruiz (ahotsa, panderoa eta dantza), Guille Perez (gaita), Nel Sanchez (akordeoi diatonikoa), eta Arsenio Ruizekin batera (danborra).
Fitoria dantza eskola eta El Ventolin Ikerketa eta Folklore taldeko irakasle da Ruiz. Bitan pentsatu gabe eman zion baiezkoa Beñat Ralla Herri Arte Eskolako koordinatzaile pedagogikoari: «Iniziatiba ederra iruditzen zaigu, oso ondo egituratua eta landua». Oholtza nagusira eramango dutena prestatzeko, iaz egin zuten elkartrukea eta lanketa lau asturiarrek Herri Arte Eskolako irakasle eta ikasleekin. «Jo behar ditugun doinuetan trukea egitea proposatu ziguten, eta horietan, gaita, akordeoi diatonikoa, danborra, pandereta eta Asturiasko kantak txertatu ditugu. Guk proposatutako abestietan, berriz, beraiek egokitzapena egin dute. Instrumentu nahasketaren emaitza zoragarria izan da, baita dantzena ere».
Atlantikaldian pasako dute lehen proba handia publiko aurrean; ondoren, 2025eko apirilean, Pola de Sieron egiten den El Ventolin jaialdian bigarrena, han ere egingo baitute emanaldia.
Esperientzia alde guztientzat «ikaragarri aberasgarria» izango dela sinistuta da Ruiz. «Gure konfort eremutik ateratzea aberasgarria da. Beste eskoletako lan moldeak ezagutzeko aukera eman digu. Aipatu behar dut txundituta gelditu garela Errenteriako Herri Arte Eskolarekin, udalak asko babesten du. Nabarmen gelditu da eremu bateko musika tradizionala, beste leku bateko instrumentu tradizionalekin egin daitekeela». Esaldi bakarrera eraman du esperientzia: «Musika hizkuntz unibertsala izan daitekeela argi gelditu da».
Emanaldia ikustera animatu du Ruizek. «Abestiak maitasunez aukeratu ditugu, eta jendea hunkitu eta dantzan jarriko dugu. Kultur nahasketa aberasgarria izango da, oso erakargarria. Sinbiosi modukoa izango da, bizitza osoa elkarrekin eman izan bagenu bezala». Tradizioak mantentzera ere deitu du, «herri batzuk besteekin ezberdindu eta batzen ditu musika tradizionalak».