PSE-EE: "Askatasun demokratikoa eta honetan parte hartzea bermatzeko betebeharra du alkateak"
Aitor Brion zinegotziaren "jarrera intolerantea" salatu du taldeak. Bera buru den batzarretan oposizioko taldeekin duen jarrera deitoratu dute.
Pasaiako PSE-EE taldeko kideak udal gobernuaren jarrerarekin haserre dira. Ohar batean EH Bildu taldeko Aitor Brion zinegotziaren “jarrera intolerantea” salatu eta haren partetik “errespetu faltak” izan direla salatu dute. Brion buru den batzarretan hark oposizioko taldeekin duen jarrera deitoratu dute. Hori dela eta, atzoko udalbatzan planto egin zioten Teo Alberro alkateari taldeko ordezkariek.
“Gogorarazi nahi dugu Brionek, alkatearen ordezkaritza bezala, jarrera erabat leporagarria eta kondenagarria izan zuela, oposizioari parte hartzea ez baimenduz”, esan dute taldekoek. Udalbatzak galderak egiteko eta zalantzak argitzeko espazioak direla erantsi dute, eta ez dutela “jarrera faxista, intolerante eta lotsagabekorik” onartuko.
“Alkateak askatasun demokratikoa eta honetan parte hartzea bermatzeko betebeharra du, eta horrela izan dadila exijitzen diogu”, esan du Lore Suarez bozeramaileak. Bukatzeko, jakinarazi du oposizioan “aske eta modu seguruan” aritzeko bermeak egon arte, ez direla Brionek gidatuko dituen saioetan egongo PSE-EEko ordezkariak.