Koldo Mitxelena Ikerketa Bekara lanak aurkezteko azken asteak
Urriaren 15ean itxiko dute proposamenak aurkezteko epea. XX. eta XXI. mendeetako Errenteria-Oreretako emakumeen parte hartze soziopolitikoa izango da aurtengo ikergaia.
Koldo Mitxelena XVII. Ikerketa Beka eskuratzeko interesa dutenak adi egon daitezela, urriaren 15a (asteartea da) izango baita proposamenak aurkezteko azken eguna. Errenteriako Udalak gogorarazi du beka eskuratzen duen lagunak edo taldeak 15.000 euroko beka jasoko duela, eta 18 hilabeteko epean egin beharko duela ikerketa.
Aurtengo deialdian honako ikergaia landu beharko da: Emakumeen parte hartze soziopolitikoa Errenterian XX. eta XXI. mendeetan.
Udaleko iturriek gogorarazi dute ikerketa proiektuak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak beharko dutela izan, eta euskaraz egin beharko direla.
Informazio eta xehetasun gehiago jaso nahi dituzten herritarrek webgune honetara, ZU! Zure Udala arreta zerbitzura edo 010 telefonora jo dezakete.