Elizalde hobetzeko galdetegi digitala prestatu du udalak
Elizaldeko irisgarritasuna, elkarbizitza eta ongizatea hobetzeko ekarpenak biltzea da helburua. Galdetegia hilaren 17ra arte bete daiteke.
Irailean egindako formakuntza saioko irudi bat. Oiartzungo herrigune nagusia hobetzeko prozesua martxan du Udalak. Elizaldeko kaleak eta plazak ikuspegi feministatik aztertzen ari da, orain arteko hirigintza ereduak aintzat hartu ez dituen emakumeen eta kolektibo zaurgarrien premiak ere erdigunean jartzeko. Hirigintza feminista zer den lantzeko oinarrizko bi formakuntza antolatu zituen irailean, eta ekarpenak egiteko fasea irekiko dute orain.
Oraingoan, ongizate indibiduala eta kolektiboa; irisgarritasuna; mugikortasuna; zaintza; kontziliazioa eta erasoekiko segurtasuna Elizalden nola hobetu aztertu nahi dute.
Zehazki, istripuen aurrean babes handiagoa behar duten tokiak; kotxerik ez dutenentzat iristeko zailak diren eremuak; topaketa eta elkarbizitza sustatzeko espazio eta ekipamendu berrietarako aukerak edota erasoekiko segurtasun handiagoa beharko luketen lekuak identifikatu nahi dituzte. Izan ere, hurrengo urteetan Tolarieta eta hilerriaren artean (Eli-6 gunean) garatuko diren etxebizitzak tarteko, auzoaren analisi orokorra egin nahi du udalak, guztientzat atsegina den herrigunea sortzeko.
Helburu horiek betetzeko, herria egunerokoan bizi duten oiartzuarren proposamen eta ekarpenak jasoko dituen galdetegia prestatu dute. Hilaren 17ra arte bete ahal izango da galdetegia, hemen.
Ordura arte jasotako ekarpenak aztertu eta berriak egiteko parte hartze saioa egingo dute hilaren 14an, 18:30ean, udaletxeko pleno aretoan. Bertan, Eli-6 gunearen garapenerako proposamen eredu ezberdinak ere aurkeztuko dituzte.
