AlaBeerga Festen bigarrenerako, zazpi garagardo berri
II. Garagardo Festa antolatu dute Alaberga auzoan urriaren 17tik 20ra. Hogeita bat garagardo dastatzeko aukera izango da, horietatik zazpi, berriak.
Jende ugari gerturatu zen iaz AlaBEERga Festera, garagardoarekin eta jatekoekin gozatzera. AlaBeerga Fest garagardo festaren bigarren ekitaldia egingo dute hilaren 17tik 20ra Alaberga auzoko plazan. Arrakastatsua izan zen lehen ekitaldia, eta bigarrenak ere bide beretik egingo duen zantzu guztiak ditu.Alabergako jai batzordea da antolatzailea, eta Errenteriako Udalaren zein udalerriko hainbat komertzioen laguntza izan du.
Hilaren 17an, ostegunarekin, zabalduko dute azoka Alabergako plazan 18:00etan; hori izango du irekiera ordua igandera arte. denera 21 garagardo izango dira aukeran, iaz baino hiru gehiago, eta askotariko jatorri eta motatakoak: “Euskal Herrikoak zein atzerrikoak, garagardo arruntak eta bereziak, beltzak, txigortuak eta horiak. Aukera zabala izango da”.
Berritasunik ere bada, garagar maltaz—gehienbat— ondutako edabeei dagokienean, izan ere, lehen ekitaldiarekin alderatuta zazpi garagardo mota berri izango dira aukeran. Antolatzaileek nabarmen jarri duten moduan, “eskaintza zabala bezain erakargarria”.
Edatekoak, bai, erruz, baina jatekoak ere ez direla faltako azaldu du jai batzordeak. Hala, ukondo errea, saltxitxak, eta patatak izango dira, eta berrikuntza gisa, txintxorta eta intxaur eta txokolatezko bizkotxoa. Musika ere ez da faltako plaza eta azoka girotzeko, eta zozketak ere iragarri dituzte.
Antolatzaileek azokarekin bat egitera deitu dituzte herritar guztiak, baita inguruetako herrietakoak ere, “lau egunetan edatekoa, jatekoa, eta giro aparta izango ditugu Alabergan”.
