Ereintza Dantza taldearen 'Gu Agustina' bueltan da
Larunbatean izango da Otaolaren bizipenak dantzaz eta bertsoz josi dituen ikuskizunaren emanaldia, 19:00etan, Xabier Olaskoaga plazan.
Ereintza Dantza Taldearen, 'Gu Agustina' Ikuskizuna. Argazkia: Esther Boticario Sei urte joan dira Ereintza Dantza taldeak ‘Gu Agustina’ estreinatu zuenetik. Atlantikaldiaren testuinguruan ondu zuen Errenteria-Oreretako Agustina Otaola raketista profesionala oinarri hartuta, eta haren bidez, erraketista guztiei aitortza egiteko. Hara eta hona, Euskal Herria luze zabalean eman du ikuskizuna dantza talde errenteriarrak. Orain, udalerrira itzuliko da Otaola eta erraketista izan ziren haien guztien gorazarre egiten duen lana.
Larunbatean izango da Otaolaren bizipenak dantzaz eta bertsoz josi dituen ikuskizunaren emanaldia, 19:00etan, Xabier Olaskoaga plazan. Eguraldi txarrarekin, Agustina Otaola Raketista Profesionala pilotalekura lekualdatuko dute.
Ez da Ereintza Dantza taldea bakarrik ariko; bidaide izango ditu larunbatekoan Herri arte Eskolako ikasleak Jon Maya koreografoaren piezak dantzatzen. Maddalen Arzallus bertsolariaren hitzak, Xenpelar Bertso Eskolako ikasleek abestuko dituzte.
