Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, hilaren 20an Errenteria-Oreretan
Herrialdeko txapelketako final-laurdenetako saioa egingo dute Lekuona Fabrikan, 17:00etan hasita. Sarrerak eskuratzeko aukera, zabalik.
Errenteria-Orereta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako agertoki izango da. Final-laurdenetako bost saioetako bat jasoko du. Hilaren 20an izango da emanaldia, 17:00etan, Lekuona Fabrikan. Sei bertsolarik parte hartuko dute, bat 2019ko txapelketan lortutako emaitzagatik zuzenean fase horretara sailkatutakoa da, eta beste bostak final-zortzirenetatik iritsi direnak dira. Honakoak dira: Beñat Gaztelumendi Arandia (Añorga, Donostia), Aitor Salegi Martija (Zestoa), Beñat Iguaran Amondarain (Amasa-Villabona), Iñigo Gorostazu Etxebeste (Berastegi), Oihana Arana Cardenal (Eskoriatza) eta Unai Gaztelumendi Arandia (Añorga-Donostia).
Bertsolarien seikotea ikusita, bada berezitasun bat. Beñat eta Unai Gaztelumendi Arandia anaiek oholtza konpartituko dute. Bestelakoan, final-zortzirenetako emaitzek hala behartuta, emakume bakarra izango da Lekuonako Sorburua aretoan.
30 bertsolari ari dira herrialdeko final-zortzirenetan. Fase horretako bost saioetatik bigarrena izango da Errenteria-Oreretakoa, lehena Eibarren baita hilaren 19an. Hala, final-laurdenetako saio bakoitzean irabazle dena hurrengo fasera sailkatuko da (finalerdietara), eta finalaren atarikoan horiek, eta puntuetan onenen diren beste hamahiruk parte hartuko dute.
Hilaren 20rako sarrerak erosteko aukera zabalik da, Internet bidez. Horien prezio orokorra 14 eurokoa da, baina Bertsozale Elkartearen bazkideek 12 euroan eros ditzakete tiketak, eta gazteek (6-18 urte), 10 euroan.
Saio gehiago, eta bertsolariak
Errenteria-Oreretakoa ez da izanen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak Oarso-Bidasoan egingo duen geldialdi bakarra. Izan ere, final-laurdenetako beste saio bat, eta finalerdietako bat jasoko ditu.
Final-laurdenetako bestea Irungo Ficoban egingo dute hilaren 27an (17:00). Klik egin hemen bertan nor ariko den jakiteko. Finalerdietakoa, berriz, Oiartzunen izango da azaroaren 17an (17:00etan, Elorsoro kiroldegian); horretan ariko diren bertsolarien zerrendarik ez da, final-laurdenetako sailkapenaren araberakoa izango delako partaidetza.
Bestalde, Oarso-Bidasoko bi bertsolari izango dira final-laurdenetan. Manu Goiogana Bengoetxea irundarra da horietako bat, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea pasa, eta Gipuzkoako Txapelketaren final-zortzirenetan bikain aritu ondoren: Eibarren du final-zortzirenetako saioa hark, hilaren 19an. Bestea Alaia Martin Etxebeste oiartzuarra da: txapelketako bidea final-laurdenetan hasiko du, azken Gipuzkoakoan (2019an izan zen) izandako emaitzengatik eskubide hori duelako; hain justu, Eibarren egingo du debuta Martinek hilaren 19an, beraz, Manu Goioganarekin konpartituko du oholtza.
