Iruñeko hilketa matxista arbuiatu dute Lezon
Lezoko Udalak, Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak, Piztu Lezok eta Gaxuxa Emakume Elkarteak aho batez gaitzetsi dute hilketa.
Kayle Villar Pons iruindarra hil zuen gizon batek atzo goizaldean Nafarroako hiriburuko Arrotxapea auzoko etxabe batean, labankadaka. Horren aurrean, Lezoko Udalak, Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak, Piztu Lezok eta Gaxuxa Emakume Elkarteak aho batez adierazi dute indarkeria matxistaren aurka daudela, eta “irmoki” gaitzesten dutela hilketa. Ahotsa hedabideak publikatu duenez, emakumearen aitak salatu du gizonak heriotza-mehatxuak egin zizkiola aurretik, eta Poliziari jakinarazi ziola, baina “ez zutela ezer egin”.
“Horrelako erasoak ez ditugu gure jendartean onartzen, eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”, esan dute: “Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez!”.
Mugimendu feministak gogorarazi du indarkeria matxistak bost emakume erail dituela aurten Euskal Herrian.
