Uretan, nahierara
Eskola Igeriketa kanpaina martxan da, eta horren barruan, datorren ekainera arte, 350 haur baino gehiago ariko dira ikastaroetan.
Martxan da Eskola Igeriketa Kanpaina. Eskola Igeriketa kanpaina abiatu du udalak. Horren barruan, datorren urteko ekainera arte, 20 eguneko hainbat txandetan igeri egiten ikasten, edota dakitena hobetzen ariko dira 350 haur baino gehiago. Aurten, aurreko urteetan baino iraupen luzeagoa izango du ikastaroak.
Praktikoa da ikastaroa, eta helburua parte hartzen duten haurrek igeriketaren oinarrizko trebetasunak garatzea da. Ez hori bakarrik, jarduera fisikoa egiteko nahia areagotzea ere badu helburu kanpainak. Hasierako proba bat eginda, teknikoki antolatutako hiru mailetako batean sailkatzen dira ikasleak. Hogei saioak gainditu ondoren, maila hori gainditzea da aurreikuspena. Ikasle bakoitzari bilakaeraren berri jasotzen duen fitxa bidaliko diote, gainera.
Kanpainaren hartzaileak Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. Mailako ikasleak dira eta Galtzaraborda eta Fanderiako igerilekuetan egiten dituzte saioak.
Kanpaina %80an finantzatu du udalak, eta gainontzeko %20 Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ez dute beraz familiek ordainketarik egin behar. Halaber, 2.000 euroko inbertsioa egin du udalak ekitaldi honetan igeriketa ikastaroetan erabiltzen den ekipamendua berritzeko.
Inor ez kanpoan
Kanpainaren barruan antolatutako igeriketa ikastaroek ikasle guztiak integratzea bilatzen du, bestela. Hori horrela, Errenteriako Udalak laguntzarako begiraleak ditu behar bereziak dituzten ikasleak artatzeko. Ikastaro guzti-guztiak euskaraz izango dira.
