Lapurretarik ez dutela onartuko adierazi dute
Antolatzera deitu du Trintxerpeko herritar talde batek, azkenaldian lapurreta ugari izan omen direlako barrutian.
Joan den larunbatean (hilak 12) hamarka herritarrek elkarretaratzea egin zuten Trintxerpen. Ustez orain dela aste batzuk lokal pribatu batean sartu ziren lagun talde baten kontra mobilizatu ziren auzotarrak, “kokoteraino” daudela adierazteko. Joan den astean izandako liskarra ere salatzera atera ziren kalera. Zazpi lagun atxilotu zituzten, “liskar iskanbilatsu” baten ondoren.
Sare sozialen bidez egindako dei bati erantzun zioten herritarrek asteburuan. Argitalpen honetan, auzotar talde honek adierazi zuen “kokoteraino” daudela, azkenaldian lapurreta ugari izaten ari direla: “mugikorrak, motxilak, diru zorroak, futbol zelaiko aldageletako arropa…”.
“Ezin dugu hau onartu, benetan. 1970ko eta 1980ko hamarkadetatik gaurdaino sekula ez dugu horrelakorik ikusi Trintxerpen”, diote zabaldu den argitalpen honetan. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak polizia-lerro bat jarri zuten lokalaren kanpoaldean.
Antolatzera deitu du talde honek, “eta batez ere denon artean hitz egin jende honen kontra berehala zer egin eta nola jokatu erabakitzera”.