"Liskar iskanbilatsu batean" inplikatutako zazpi gizon atxilotu dituzte San Pedron
Joan den astearte arratsaldean izan ziren atxiloketak. Lokal batean bi gazte taldek liskarra hasi zuten.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, joan den asteartean (hilak 8) zazpi gizon atxilotu zituzten San Pedron. Saileko iturrien arabera, “liskar iskanbilatsu batean” inplikatutako zazpi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, 17:00ak aldera.
Lekuko batzuek bi gazte talderen artean sortutako borrokaren berri eman eta Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu ziren. Haien arabera, gazteak “elkarri eraso egiten” aurkitu zituzten, “lapikoak, pintura, makilak eta arma zuriren bat erabiliz”. Erasotzaileetako bi ospitalera eraman behar izan zituzten jasandako zauriak baloratzera. Ertzaintzaren arabera, barrutiko lokal batean hasi zen liskar hori, eta han “hainbat kalte” eragin zituzten gazteek. Kalera irtetean zenbait autori ere kalteak eragin zizkieten.
Atxilotutako gizonak 20-27 urte bitartekoak dira. Liskar iskanbilatsuan parte hartzea leporatu diete zazpiei, eta agintari judizialen eskuetan jarri dituzte.
