160 lagun bildu dira udalaren 2025eko egitasmoen aurkezpenetan
Auzo batzarrak amaituta, udala jasotako proposamenak ari da aztertzen 2025eko aurrekontuetan zein txertatu daitezkeen ikusteko.
Duela bi aste egin zituen Oiartzungo Udalak datorren urteko egitasmo nagusiak aurkezteko eta ekarpenak jasotzeko auzo batzarrak, eta 160 lagunek hartu dute parte aurtengo hitzorduetan. Ildo horretatik, beraz, parte hartzearen balorazio positiboa egin du Joana Mendiburu alkateak. “Elkarrekin hausnartu dugu zein den Oiartzungo herriaren eta auzoen egoera eta zein diren datozen urteetako erronka nagusiak”. Zehazki, lehentasunetan eta proiektu estrategikoenetan adostasuna izan dela nagusi esan du. “Ikusi dugu auzotarrentzat ere oso garrantzitsua dela trantsizio ekologikoa, eta mugikortasun jasangarriagoa bultzatzeko edota energia erabilera gutxitzeko aurreikusi ditugun egitasmoek interes handia sortu dutela”.
Udalaren arabera, auzotarrentzat ere probetxugarriak izan dira batzarrak, hain zuzen, batzar bakoitzaren amaieran galdetegi bat betetzeko eskatu baitzaie, eta batez besteko nota 8,7 puntukoa baita.
Auzoak eta herria “hobetzeko” proposamen zehatzak egin dituzte saioetan, eta orain horiek aztertzen ari da udala 2025eko aurrekontuetan zein txertatu daitezkeen ikusteko. “Inbertsio handirik behar ez duten zenbait eskaera eta konponketa lan ere jaso ditugu eta etxeko lanen zerrendan gehitu ditugu ahal den azkarren egiteko”, adierazi du Mendiburuk.
Hala ere, udalaren arabera, bizikidetzarekin lotutako gaiak izan dira auzoetan gehien errepikatu diren kezkak: autoen abiadura handia, autoak gaizki aparkatuta uztea, lurrera botatzen den zaborra, txakurrak solte eramatea… “Arazo horiek konpontzea eta bizikidetza arauak errespetatzea guztioi dagokigu”, dio udalak.
Udaleko webgunean jarri dituzte auzo bileretan erabilitako aurkezpenak zein akta guztiak.