Oiartzunen ez dago adin mugarik euskara ikasteko
Adin tarte batetik aurrera euskara ikasteko zegoen zailtasuna ikusita, AEK eta Gazte Izanak-ek helduen alfabetatze ikastaroa sortu dute. Euskaraz deus ez dakitenak joaten dira, baita euskaraz mintzo direnak baina alfabetatu nahi dutenak ere.
Asko dira Oiartzunen euskaraz hitz egiten dutenak; gehienak. Baina, badira hainbat arrazoiren ondorioz euskaraz hitz egiten ez dakitenak, edo, hitz egiten jakitegatik ere irakurtzen edo idazten ez dakitenak ere. Arrakala bat zegoela ikusi zuten Intxixu AEK-koek, eta Gazte Izanak taldeko kideengana jo zuten proposamen batzuk helarazteko asmoz.
Maitane Linazasoro Lopez AEK-ko irakaslea da, hark eman ditu proiektuaren xehetasunak. “Aspaldian hutsune bat identifikatu genuen. Jubilatuak etortzen zirenean talde arruntetako eskoletara ondo hartzen zuten martxa hasieran, baina denborarekin utzi egiten zuten askok. Orduan, erabaki genuen zerbait egin behar genuela”.
Gazte Izanak-engana jo zuten orduan, eta bi ideia partekatu zizkieten. “Badira Oiartzunen urte asko daramatzaten jubilatuak, eta euskaraz asko ulertzen dute horiek, baina zerotik hasi behar dira”. Profil horretako jubilatuentzat, beraz, talde bat sortu dute, Euskalduntze taldea.
Alfabetatze izeneko taldea da sortu duten bigarrena, eta eskola horietara txikitan irakurtzen eta idazten ondo ikasi ez zutenak joaten dira. “Bi talde proposamen horiek helarazi genizkien, eta biak atera dira”, dio pozez Linazasorok.
Intxixuko kideak azaldu du Oiartzunen hutsune bat zegoela, “euskaltegietan orokorrean adin tarte horri ez zaio eskaini behar zuena”. Bistakoa da euskara ikasteko gogoz zeudela herritarrak, harrera ona izan baitute saioek. Hamasei pertsonak eman dute izena Euskalduntze tailerrean; Alfabetatzen, berriz, zortzik.
Egokitutako metodologia
Adinekoak dira eskoletara joaten direnak; jubilatu berriak dira batzuk, 80 urtetik gorakoak ere badaude, eta 90 urteren bueltan dagoen bat edo beste ere bada. Lan egiteko metodologia, beraz, ez da “ohikoa”.
Ahoz egiten dute lan batez ere. “Batzuk ez zuten ikasi irakurtzen eta idazten, beraz, ez da egokia metodologia idazketan eta irakurmenean oinarritzea”, zehaztu du Linazasorok.
Euskaltegiko irakasleak esker oneko hitzak baino ez ditu Gazte Izanak-ekoentzat. “Oso ondo hartu gaituzte eta asko lagundu digute. Beraien sarearen bidez zabaldu genuen proposamena eta harrera ona izan du. Besoak zabalik hartu gaituzte”.
Euskalduntze saioak astelehen eta asteazken goizetan izaten dira; Alfabetatze taldeko eskolak, berriz, astearteetan, euskaltegian. Euskalduntze saioak beteta daude, baina, badago lekurik Alfabetatzerako. Izena emateko 943 49 39 57 telefono zenbakira deitu behar da.