«Beti etorriko naiz hona; hau da nire bizitza»
Azken mende erdian musikaren eta kulturaren alde egindako lan nekaezinagatik aitortza egin dio herriak, aurtengo Santa Zezilia egunean, trintxerpetarrari. Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskolak haren izena izango du aurrerantzean.
Oraindik herriak egin dion aitortza sinistu eta asimilatu ezin jarraitzen du Neirak. Duela 50 urte hark hasitako bideari ginga jarri dio Trintxerpek, merezitako omenaldia egin diote herrikideek. Juanje Neira Pasaiako Musika eta Dantza Eskola du orain herriak.
Omenaldiko ajea pasata, lasaiago, bizitutakoa asumitu duzu jada?
Oraindik ez, egia esan. Musika eskolako atetik sartzen naizen bakoitzean, nire izena ikusten dudanean, ez dakit sartu edo atera [barrez]. Oraindik flotatzen nago, aste oso honetan hala ibili naiz. Badirudi ezetz, baina albistea toki askotara iritsi da. Jende askok deitu nau, kaletik gelditu… Atzo [astelehenean izan zen elkarrizketa] Realaren futbol zelaian jende ezagun eta ezezagun askok zoriondu ninduen. Egia esan, oraindik ez dut sinisten. Oso pozik nago, eta oso eskertuta denei. Dena izugarri ederra izan zen.
Sekula ahaztuko ez duzun eguna izan zen, beraz.
Bai. Ostiral konplikatua izan zen. Jende asko zegoen gezur eder honetan inplikatuta. Gauza arraroak ikusi nituen. Horrelako emanaldiak egiten ditugunean normalean niri dagokit zuzendu, gidatu edo antolatzea. Hor ez egoteak harritu ninduen. Madrilen dut familia, eta kasualitatez nire semea ere etorri zen. Zenbait kasualitate izan ziren.
Zerbait sumatzen zenuen?
Bai, zerbaitetan ari zirela sumatu nuen. Baina ez nekien hain handia izango zenik. Jende askok parte hartu zuen, eta aste osoan traba egiten besterik ez nintzen ibili hemendik, ez nien lanik egiten uzten. Ikusten ninduten eta beldurrez ibili ziren [barrez].
Konplize asko izan dira. Udalak, gainera, plenoan onartu behar izan zuen proposamena. Ni ez ohartzeko sekulako lana egin dute. Orain, badakit nire senide eta lagun askok oso gaizki pasa dutela sekretua gordetzen. Tentsio uneak ere izan dira, saihesten ninduten askotan! Ekitaldia iragartzeko agerraldia ere bertan behar geratu zen azken unean, zuek, kazetariek, zabaldu ez zenezaten. Hedabideetan iragarri zenuten sorpresa asko izango zirela. Eta zer nolako sorpresa. Sekulako lana egin dute. Oso zaila baita egun osoa hemendik bueltaka dabilen norbait ez ohartzea, ni neu oraingoan. Dena primeran joan zen azkenean, biribila izan zen ekitaldia.
Ohi bezala aritu zinen, sorpresara arte.
Santa Zezilia egunean ospakizun berezia egiteko ohitura dugu urtero Trintxerpen, baina ez dugu horrelako kalejira eta ekitaldi hain handirik egiten. Aurtengoan senideak, lagunak, irakasleak, ikasleak… Asko eta asko etorri ziren. Erraldoiak ere han izan ziren, ibilbide ezohikoa egiten gainera. Eramaten utzi nuen neure burua, baina azken sorpresa sekulakoa izan zen, hori bai ez nuela sekula imajinatuko. Orduan hasi nintzen flotatzen. Oso-oso hunkituta iritsi nintzen. Eta hona heldu [Pasaiako Musika eta Dantza Eskolaren egoitza nagusira, orain Juanje Neiraren izena daramana] eta abesbatzak, dantzariak eta hainbeste lagun ikustea ederra izan zen. Oso-oso pozik nago, egun hura gogoratu eta hunkitu egiten naiz oraindik. Zure herriak eskertu eta aitortzea ikaragarria da. Oso zaila da asimilatzea, norbaiti kale edo plaza baten izena jartzea gauza oso garrantzitsua baita.
Zer suposatzen du horrek zuretzako?
Ezin dut gehiago eskatu. Nik orain dela 50 urte sortutako eskola honek nire izena izatea sekulako ohorea da. Pentsa zenbat euri egin duen ordutik, zenbatetan atera den eguzkia, zenbat aldatu den dena, pertsonak, sistemak, irakasteko moduak… Dena aldatu da. Eta ikustea etorkizunera begira, hemendik ez dakit zenbat hamarkadatara eskola honek nire izena eramango duela, erokeria da.
Herriaren parte zara jada, betirako.
Ez naiz horretaz kontziente. Batzuk esaten didate hilezkorra naizela jada. Beldurra ematen du. Oraindik oso arraroa egiten zait dena.
Atzera begirada. 1964an hasi zinen, Trintxerpeko lehen musika irakasle izaten. 14 urterekin gainera.
Garai hartan herrian hutsune handi bat zegoela ikusi nuen, pena handia ematen zidan. Zortzi urterekin hasi nintzen txistulariekin, eta dantza taldeekin jotzen hasi nintzen. 10-12 urterekin akordeoia jotzen ikasi nahi nuen, eta Pasaian musika ikastera eraman nahi ninduen amak, baina ez zegoen ia ezer. Donostian bilatu behar izan genuen aukera hori. 14 urterekin ikusi nuen zerbait egin nahi nuela, ez nuela nahi pasaitarrek nik pasatu nuena pasatzea. Ez zitezela joan kanpora musika ikastera. Orduan doako klaseak ematen hasi nintzen uzten zizkidaten lokal edo txokoetan, ahal nuen bezala. Garai hartan 10 bat ikasle izango nituen.
Lokal hartan hasitakoa handi bilakatu da, ereindako haziak loratu dira.
Bai, hamarkada luzeko lana izan da. 1972an, ikusita Donibanek eta Antxok bazutela musika ikasteko zerbait, hemen egitea pentsatu nuen. Hemen ez zegoen ezer, ez genuen nora joaterik. Nire enpresako jabeari lokal bat eskatu nion, eta han klaseak ematen hasi nintzen. Illumbe Musika Elkartea sortu genuen orduan. Panfleto batzuk egin zizkidan inprenta bat zuen lagun batek, eta beste arotz batek banku eta mahai batzuk egin zizkigun. Ez genuen argirik ere, zuloz beteta zegoen lokala. Ondoko tabernakoek kable bat pasatzen ziguten. 90 ikasle izatera iritsi ginen, askotariko adinetakoak. Hasiera hartan ni nintzen irakasle bakarra. Solfeoa irakasten nien, eta txistua edo akordeoia jotzen hasi ziren nirekin. Txistua, adibidez, ez nekien jotzen, baina banekien zer zegoen ongi eta zer gaizki. Pixkanaka joan ginen instrumentu berriak sartzen. Erronka berrietan murgildu ginen.
Momentu batean banda bat egitea otu zitzaigun. Erokeria zen orduan. Kreditu bat eskatu nuen eta musika banda oso baterako instrumentuak erosi nituen. Banda horretatik orkestra sinfoniko batera egin genuen salto, 1989an sortu genuen. 1990an, berriz, urte horietan guztietan elkarlanean aritu ginen musika elkarteek Pasaiako Udal Musika Eskola sortu genuen, Pasaia Musikal, eskaera handia zegoelako.
Zein erronka finkatu zenuten jauregi honetara jauzi egin zenutenean?
Hasieratik, lehen egunetik, gure asmoa jendeari gauzak erraztea izan da, musikan murgiltzeko aukerak ematea. Guretik 15.000 lagunetik gora pasatu direla esango nuke. Urte hauetan jende askok esan dit, garai hartan onura handia izan zela Trintxerperako. Droga asko zegoen garai hartan, eta jende asko lagundu zuen musika eskolak.
Polita da ikustea garai hartan jaso zenituen ikasleen seme-alabek ere bide bera egiten dutela, eta orain, nire ikasleak dira. Oroitzapen onak dituzte. Ez naiz sekula musikari profesionala izan, eta irakastea tokatu zait. Eta zorionez, asko izan dira guretik pasa eta musikari profesional izatera ailegatu direnak.
Lanean jarraitzeko gogoz zaudela esan zenuen aitortza ekitaldian.
Hala da. Buruak funtzionatzen duen bitartean, honetan jarraituko dut, berdintsu. Beti etorriko naiz hona, hankek erantzuten ez badidate ere. Hau izan da nire bizitza, eta garai hartan bezala, mila saltsatan jarraitzen dut.
Musikatik harago, herriari modu askotara egin diozu ekarpena.
Musikatik kanpo ere hainbat saltsatan ibili naiz. Erregeen kabalgata antolatzen hasi nintzen eta urteekin handia bilakatu zen. Gero, Santa Agedako korua euskaltegiarekin elkarlanean antolatzen hasi ginen. Trintxerpeko inauteriak ere musika eskolatik atera ziren. Garai hartan hain famatu egin diren inauteririk ez zen ospatzen barrutian. Gure hamargarren urteurrenean lehen inauteriak antolatu genituen. Dirurik gabe egin genuen, gainera. Honako arrazoiarengatik ospatzen ditugu astebete beranduago trintxerpetarrok: aurreko asteburuan toki askotan ospatzen ziren, tartean, Donostian. Donostiako azokako salerosle batekin hitz egin nuen eta hurrengo astean gurera etortzeko proposamena egin nien. Primeran ikusi zuten. San Joan bezperako sua ere antolatzen hasi ginen, guretik etorri zen. Gauzatxoak egin ditugu, bai. Esaterako, Euskal Herriko musika eskolen lehen topaketa hemen egin genuen, 2.200 musikari baino gehiagorekin.
Jende askori musika irakasteaz gainera, Trintxerpeko erreferente bilakatu da Pasaia Musikal, eta zerotik hasi ginen. Garrantzitsuena ez da egitea, baizik eta egiten duzun horrek denboran irautea.
Bide hori ez da orain bukatuko.
Ez. Aspaldiko borroka batekin jarraitzen dugu. Gure ilusio eta nahi handiena musika eskola berri bat eraikitzea litzateke. Ziriza eraikinean sartu nahiko genuke. Haur eta gaztetxoek euren barrutian ikasteko eskubidea izan dezatela nahi dugu, maila batetik aurrera denak eraikin honetan biltzeko. Inguruko herrietan badute musika eskola bat, hori da gure borroka orain. Jakitun gara Pasaiako musika talde askok ez dutela non entseatu edo jotzeko aukerarik. Aurrera egin nahi duten guztiek hazteko leku bat izan dezatela nahi dugu. Edonolako sortzaileak elkartzeko espazio bat behar dugu, diziplina asko bilduko dituena. Zerbait sortu nahi duenak toki bat izan dezala. Hori borrokatzen ari gara.