Ikasleek espainiar konstituzioari planto
Konstituzioaren eguna 'jaiegun arrotza' dela salatzeko, herri eskolak eta kontzentrazio bat antolatu dute Ikama (Ikasleria martxan) eta Ernai gazte antolakundeek
Gaurko egunez, abenduaren 6a, konstituzio espainiarraren eguna dela-eta, jai eguna dute lantoki eta eskola gehienetan. Halaber, ‘ospatzeko ezer ez’ dagoela uste dute Ikama (Ikasleria martxan) eta Ernai gazte antolakundeko kideek. Horregatik, Oreretako Gaztetxean bildu dira goizean zehar barne-hausnarketarako tailerra (herri eskola) burutzera, eta 13.00ean deitutako kontzentraziora bertaratu dira, Herriko plazan.
‘Ikasle borrokaz konstituzioa apurtu. Bat eginez independentziara!’ lemapean, espainiar konstituzioa Madrilen duela 46 urte Euskal Herriko gehiengoaren babesik gabe onartua izan zela gogorarazi dute; euskal gizarteak erreferendum hura ‘iruzurra’ eta ‘diktadura faxistaren zuritze operazioa’ zela ulertu baitzuen. Horregatik, ‘konstituzioa eta egungo espainiar estatuaren hezedura osoa oinarri antidemokratiko batean egituratua’ izan dela salatu dute.
Gainera, konstituzioak euskal ikasleengan izan duen eragina azpimarratu dute: ‘hezkuntza sisteman ere bete-betean eragiten du 78ko erregimenak, Frantziako eta Espainiako estatuetatik inposatutako hezkuntza sistemak Euskal Herriko ikasleok zapaltzen baikaitu. Adibide garbiak dira gure hizkuntza ikasteko ezintasuna, zonifikazioaren legea, gure herrira egokitutako kurrikulumaren falta…”.
Egoera honen aurrean, Euskal Herrira egokitutako hezkuntza-sistema baten aldeko borrokan jarraituko dutela adierazi dute.