Mukuru, ekitaldien modaren antitesia
Sei urte bete ditu Mukuru zigiluak. Oraindik ere "gauza arraroak" egiteak batzen ditu. Hausnartzeko eseri dira Idoia Hernandez 'Hatxe' eta Ander Fernandez, hasieratik egitasmoaren parte dira bi artistak.
Zigilu eta kolektibo andana daude Bidasoan eta Oarsoaldean, eta horietako bat da Mukuru musika sortzaileen elkargunea. Sei urte bete ditu mugaz gaindiko kolektiboak, eta hasieratik egitasmoko kide diren Idoia Hernandez Hatxe eta Ander Fernandez bertako musikariekin elkartu da hitza. Zigilua sortu zenetik pandemia bat igaro da, eta bi musikariek hainbat hausnarketa egin dituzte.
Kolektibo horren parte dira Ipar eta Hego Euskal Herriko musikariak, eta 2018an adierazi zuten «konplizitate eta miresmenak» dituztela oinarrian, eta esperientziak konpartitzeko gogoa, elkar elikatu eta elkarrengandik ikastea zutela helburu. Mukuru «espazioak, zabalkundea eta saretzea» behar zituztelako sortu zela berretsi du Fernandezek. «Horren harira sortu zen Mukuru, mundu eta galdekatze saretze bat nahi elkar ezagutzea behar dugulako».
Zigilu bat da Mukuru, baina ez dela «benetako zigilua» aitortu du Fernandezek. Zigilu batek musikaren sortze prozesu osoan akonpainatzen du normalean artista, baina Mukurukoak ez dabiltzala kontu administratiboei begira, eta ez direla distribuzioaz arduratzen azaldu du Fernandezek. «Agian horregatik ez dugu inoiz eman pausoa benetako zigilu izatera, nahiz eta zigilu moduan sinatzen ditugun diskoak». Borondatezko lana da egiten dutena, eta haien gain har ditzaketen lanetara bideratzen dute jarduna. Bide horretan, elkarren lanak zabaltzen aritzen badira ere, musikari bakoitzak daukan irismen ahalmena dute muga. «Bizitza soziala txikiagoa denean zabaltzea zailagoa da. Euskal Herri mailan asko eragiten du horrek; ez hainbeste kontzertuak ematea», hausnartu du Hernandezek.
Mukuru ez da musikari bakarrik lotuta dagoen talde bat, eta «xelebrekeri» askotan sartzen direla azaldu du Fernandezek. Euskal Herriko autogestionatutako beste zigiluetako kideekin saretzeak bilatzen dituzte, eta musika alde batera uzteko proposamenak luzatzen dizkiete. Esaterako, orain dela pare bat hilabete pala txapelketa bat egitea proposatu zieten Balio Dute, Bidehuts eta jada desagertuta dagoen Erraiak zigilukoei. Era horretan beste modu batera elkar ezagutu nahi izan zuten, eta haien ezinegonak partekatzeko beste forma bat bilatu. Parte hartzaile kopuruari begiratuta ez zuen arrakasta handirik izan, baina bospasei pertsona elkartzeak Mukuru sortzearen zentzua berretsi zuen, Fernandezen ustez: «Partekatzeko espazio bat eta jendarte bat gara».
Kolektiboaren «ideia filosofiko eta politikoak» aldatzen joan direla uste du Hernandezek, eta lehen «oso argi» zutena orain eztabaidatzen ari direla adierazi du. Eztabaida «zentzu onean» dela zehaztu du, eta beharrak aldatu direlako zabaldu dela eztabaida iritzi du. Bilera horietan artista bakoitzak esku artean zer duen azaltzen du, eta horren arabera zer ardura har dezaken erabakitzen dute. Horrela, denek badakite kolektiboko kide bakoitza zertan dabilen, eta horrek ahalmena ematen die beste kolektibotako kideekin batzean Mukuruko kideen ezinegonak eta proiektuak partekatzeko.
Elkartzea, oinarri
Dena den, mantendu duten gauza bakarra «bilera filosofikoak» dira, eta hori da egun Mukururen esentzia. Fernandezek gaineratu du ez direla Donostiako edo Bilboko erdialdean biltzen eta beti saiatzen direla Euskal Herri zabaleko txoko ezberdinetan biltzen; Lekunberri eta Itziarren izan ziren azken elkarguneak. «Saiatzen gara xelebrekeria horretan bizitzen», esan du Fernandezek. Musikatik kanpo «kuadrilla» dira, eta hori garrantzitsutzat eman du. «Gauza kuriosoa da Mukuru, inoiz inork ez duelako eratze pausorik eman. Ez dugu elkarterik sortu, eta komunean dugun gauza bakarra webgunea da. Baita elkar ezagutza ere». Halaber, batzen dituen beste arloa «gauza arraroak» egitearena dela uste du Hernandezek.
Irizpideetan ere aldaketak egin dituzte. 2019an Hernandez zen zigiluko emakume bakarra, eta jasotzen zituzten proposamen guztien parte gizonak ziren. «Genero oreka» lortu bidean, «argi eta garbi» erabaki zuten emakumeek gidatzen dituzten proiektuak bakarrik onartuko dituztela. Lorea Zulaika izan da haiekin bat egiten azkena. «Zergatik ez ditugu emakumeak halako sareetan? Eta are gehiago, talde alternatibo edo esperimentaletan? Ereduak falta direlako eta horri lehentasuna eman behar zaio», erantsi du Fernandezek.
Euskal Herriko hainbat zigiluk jaialditxoak egiten dituzte saretzeak eta harremanak sendotzeko, baita Mukuruk ere. Azken urteetan kolektiboko kideen errealitateak eta beharrak aldatu egin dira. «Batzuk guraso gara», azaldu du Hernandezek. Azken jaialditxoa duela bi urte egin zuten, Bergarako Kartzela Zaharrean. «Jaialdiak egiten ditugu, baina mantsoago. Garaiak aldatzen doaz, baita bakoitzaren aisia tarteak ere», ondorioztatu du Hernandezek. Hurrengo jaialditxoa Antzuolan egingo dela aurreratu ahal izan dute. Nabarmendu nahi izan dute ekitaldien moda garaia dela oraingoa, baita sold out fenomenoarena; haientzat «absurdoa» da hori, eta pandemiak horretan sakontzen lagundu duela deitoratu dute. «Denok sartzen gara barruan eta atzetik etorri diren talde arrakastatsuak berdin dabiltza, adibidez, Chill Mafia edo Fermin Muguruza. Hori da gizarte bezala jendea motibatzen duen ekitaldi klasea. Mukuru honen antitesia da», gaineratu du Fernandezek. Zigiluaren parte potentziala duten musikariak dira, baina ez dute jendea mugitzen.
Kolektiboa nagusiki musikari lotuta osatu bazuten ere, artista gehienak multidiziplinarrak dira. Gori Gori da zigiluan sartu den azken taldea, Ainara Gurrutxaga eta Ander Fernandez oreretarrek osatutakoa. Talde horrek, musika egiteaz gain, performancetik ere badu, eta beste adibide bat jartze aldera, Durangoko Azokan Mejillon Tigreren fanzinea erosteko aukera egongo da haien postuan. «Mejillon Tigrekoei gurekin haien lana jartzeko proposatu genien, eta nork daki gero zer emango duen horrek. Agian besterik gabe postua partekatuko dugu, ala ez. Batek daki», azaldu du Hernandezek.
Baliabideak
Espazioak ere izan dituzte hizpide biek. Horri buruz iritzia emateko, Mukururen izenean beharrean, norbere izenean egin dute hausnarketa bi artistek. Biek bat egiten dute espazioak egon badaudela, baina kudeaketan edota espazioaren tamainan jarri dute fokua. Fernandez Hendaiako Borderline fabrikaren parte da, eta lan boluntarioa egiten du bertan. Kontzertuak antolatzea lan boluntarioa da, eta publikoak ez duela «edozer gauza» entzun nahi ikasi du Fernandezek. Haren esanetan, boluntarioak ez daude prest errentagarriak izango ez diren proposamenak programatzeko, eta aldi berean, publikoa geroz eta gutxiago joaten da «kuriositatez lan egitera». Ezagutzen ez diren taldeen musika entzutera jende gutxiago joaten dela uste du, alegia. Bestalde, Bidasoan musika espazioetan boluntarioki lanean dabiltzanak —Psilocybe, Lakaxita eta Borderline— elkartu eta Gernikako Lekuek jaialdiaren antzekoa egitea amesten du Fernandezek. «Indarrak batuz beste zabalgune bat lor dezakegu», adierazi du.
Hernandezek entseatzeko leku falta sumatzen du. Pandemia garaian Errenteria-Oreretako taldeak elkartu ziren, eta dokumentu bat osatu zuten espazioren aferari soluzioak planteatuz. «Erreferentzia moduan jarri genuen Dantzagunea: ez da inorena, eta jende askok erabiltzen du eskaera eginda». Txosten hori udalari bidali zioten, baina ez dutela erantzunik jaso deitoratu du. Bitarte horretan, hauteskunde programa irakurtzen ari zelarik herriko abesbatzentzat espazio berri bat sortuko zela jakin zuten, «baina bakarrik herriko abesbatzentzat». Arazoaren soluzioak paperean idatzita ez geratzeko eskaria egin dio udalari.