Nekazaritza eta elikadura, jomugan
'Lurra lantzen duen herria ez da gosez hilko' hitzaldia emango dute Gotzone Sestorainek eta Tasio Erkiziak asteazkenean (hilak 11).
Labore Oarsok antolatuta, Lurra lantzen duen herria ez da gosez hilko hitzaldia emango dute Gotzone Sestorainek eta Tasio Erkiziak hilaren 11n (asteazkena), udaletxeko areto nagusian, 18:00etan. Hitzorduan nekazaritzaren eta elikaduraren etorkizuneko erronkak izango dituzte hizpide. Labore Oarsotik azaldu dutenez, “une honetan greenwash asko dago nonahi, baina egia da ekoizpen eredua auzitan jartzeko bidegurutzera iritsi garela”. Beraz, honako galdera hauek erantzungo dituzte solasaldian: Zer ari da gertatzen elikagaien merkatuan?; Geopolitikak nolako eragina du?; Zer ari dira bultzatzen Europatik?
Duela hilabete batzuk nekazari eta abeltzainak kalera atera ziren traktoreetan haien egoera salatzeko, “eta badirudi ez daudela urruti berriro ere traktoreak errepideetan ikusiko ditugun egunak”. Ondorioz, nekazari eta abeltzain horien egoera zein den eta zer aldarrikatzen duten ere aztertuko dute. Era berean, bertako jaki ekologikoen gaineko argibideak emango dituzte, eta ekoizpenak nori zuzenduta dauden izango dute aztergai.
Beraz, gaur egungo testuingurua “zorrotz” aztertuko dute Laboretik esan dutenez, eta nekazaritzaren etorkizuna eta erronkak arakatuko dituzte. Horretarako, ekoizleen eta kontsumitzaileen ikuspegiak txertatuko dituzte. Krisi ekosozialari aurre egiteko proposamenak ere landuko dituzte.