Olentzero eta Mari Domingi Trintxerpen dira jada
Merkatuan Eguberriei begirako eremua atondu du Jai Batzordeak barrutiko elkarteekin elkarlanean. Photocall moduan prestatu dute.
Eguberriak hemen direla sumatu daiteke jada Trintxerpen. Barrutiko Jai Batzordea barrutia girotzen eta apaintzen hasi da. Barrutiko kaleak argiztatuta daude jada, eta datozen asteetako ospakizunen protagonista nagusiak ere heldu dira. Olentzero, Mari Domingi eta Napo astoa Trintxerpeko merkatuan daude jada, baserri eta guzti.
Photocall moduan prestatu dute eremua, eta bertan herritarrek argazkiak atera ditzakete aipatutako hiru protagonistekin. Horrez gain, Iraitz Pazos alkateordeak azaldu du Olentzero eta Mari Domingiri bidaltzeko eskutitzak baserrian bertan dagoen postontzian bota daitezkeela.
Azoka, eta beraz, apaindu duten eremua, astelehenetik larunbatera bitarte izango da zabalik, 8:30etik 20:30ak arte.
Honi lotuta, atzo baserriaren ondoan hiru metroko zuhaitza aurkeztu zuen Adinkidek, hainbat emakumek elkarlanean kakorratzez egindakoa. Hemen xehetasun gehiago kontsulta daitezke.
