Adinekoen behar, nahi eta desioak, mahai gainean
Lau barrutietako adinekoen ongizatea bermatzeko zerbitzu berriak sortzen ari dira Pasaian. Besteak beste, aurki Antxon adinekoen eguneko arreta zentro berria izango da.
Pasaia adinekoentzako herri atsegingarria izateko lanean buru-belarri jarraitzen du udalak. Herriaren zahartze prozesuak eta horrekin lotuta datozen bakardadeari zein mendekotasunari aurre egiteko lanketa berezia egiten ari dira gizarte zerbitzuetatik, bizitzako alor guztietan ongizatea bermatu eta haien beharrei zentzu zabalean erantzuteko esfortzu berezia egiten ari dira. Azkenaldian lan egiteko metodologia aldatu eta tokiko zaintza ekosistema berriak sortu dituzte, pertsonen beharrak abiapuntu eta haiek ardatz izango dituena.
Beste hainbat zerbitzutan bezalaxe, adinekoen goizeko arreta zentroetan jarri du fokua bereziki azken urteetan udalak. Zerbitzu hori indartzeko lanean ari da erakundea. Aurki zentro berri bat izango du Pasaiak, azken hamarkada luze honetan zerbitzu bera eman duen Donibanekoari gehituko zaiona.
Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako zinegotziak aipatu du gizarte zerbitzuetatik «esku hartze orokor» bat egin nahi dutela, «adinekoei garapen pertsonal eta kolektiborako leku bat ematen ahaleginduko den zerbitzu integral bat» eskaintzeko asmoz. Horrekin egungo zein etorkizuneko beharrei erantzungo dietela erantsi du, eta plan horren «hanka garrantzitsu bat» datorren urtean Antxon zabalduko duten zentroa izango dela dio. «Garrantzi handikoa da eguneko arreta zentroa ezartzea eta zabaltzea, erreferentziazko eta gertuko puntu bat izan dadin, ez bakarrik lagun hauentzat, baita komunitatearentzat eta bertako gizarte eragileentzat ere. Antxoko arreta zentro hau beste pauso bat da aipatutako zaintza zerbitzu eredu horretan, pertsonaren beharretara egokitutako zerbitzua izango baita».
Lau urte daramatza Donibaneko adinekoen goizeko arreta zentroarekin lan egiten Maitane Irurietak. Bera da Donibaneko gizarte langile erreferentea: «Guk [Lourdes Salaberriak eta hark] 60 urtetik gorakoen arreta daramagu. 2018an hausnarketa bat egiten hasi ginen, metodologia aldatu genuen eta bi langile izatetik lau izatera pasatu ginen. Tokiko zaintza ekosistema bat sortzen hasi ginen orduan, zerbitzu integral bat sortzen, arreta berezia prebentzioan jarriz. Zerbitzuak pertsonentzat egokitzen hasi ginen, eta ez pertsonak zerbitzura. Bakoitzaren nahi, behar eta desioetara egokitzen joan behar dugu, horretan ari gara».
Antxoko zentro berrian lanean ariko da Salaberria. 2025. urtean zabalduko dutela aurreratu du. Berri honetan «beste urrats» bat egin nahi dutela aipatu du: «Antxokoa aurreikusita dago arratsaldez ere zabalduko dela». Salaberriak argitu nahi izan du ez dela ohiko goizeko adinekoen zentro bat: «Donibanekoa eta Antxokoa ez dira eguneko zentroak, arreta zentroak dira. Zerbitzuak ezberdinak dira, profilak ere ezberdinak dira. Esaterako, ez dute bertan bazkalduko», azaldu du.
Bi gizarte langileek argitu dutenez, Donibaneko zentroan (eta Antxokoan ere bai) autonomoak diren edo mendekotasun arina duten pertsonak jasotzen dituzte. «Mendekotasuna iritsi aurretik lantzen hasten gara orain, identifikatuz zein egoerek behar duten laguntza gehien. Prebentzio lan horretan ohartu gara goizeko zentro hauek zeinen garrantzitsuak dien. Isolamendua dela, depresioa dela, zailtasunak direla… Egunerokoan bizitza aktibo eta osasuntsu bat egiteko funtsezkoa da zerbitzua».
Salaberriak ere bide beretik jo du: «Metodologia berri honi esker, identifikatzen hasten gara zein egoerek behar duten behar gehien, hauskortasunaz hitz egiten hasten gara eta adinekoei askotariko baliabideak ematen».
Bigarren etxe bat
2011n zabaldu zutenetik, Donibaneko goizeko arreta zentroa bigarren etxe bat bilakatu da pasaitar askorentzat. Parrokiaren goiko aldean kokatuta dago, eta barrutiaren eta badia osoaren bista ederrak eskaintzen dizkie bertako erabiltzaileei. Egun hamabost bat emakume, eta tarteka gizon bat, aritzen dira bertan egunero. Gimnasia, ariketa psikologikoak, alde kognitiboa… Denetik lantzen dute.
«Pozik eta oso alaitsu» datozela aitortu du, ia egunero bertaratzen diren guztien izenean, Montxi Rodiñok. Ez diote eguneroko hitzorduari hutsik egiten. Donibanekoak dira asko, baina Antxotik ere etortzen dira. «Zentro honek asko balio du. Oso pozik etortzen gara, alaitasuna ematen digu honek», aitortu du.
Gehienak bakardadeari aurre egiteko animatu ziren zentroan parte hartzera, eta lehen egunetik «sartu eta engantxatu» direla aitortu dute: «Irudi oso ezberdina genuen hona etorri aurretik. Uste genuen mendekotasuna duten adinekoen eguneko zentro bat zela, hemen jarriko gintuztela telebistaren aurrean eta listo. Eta ez da hala», dio Maritxu Eguzkizak. «Jarduera asko egiten ditugu, bizitza asko dago hemen, mugimendu handia», erantsi du Ixiar Aizkorretak. «Ahalik eta autonomoen mantentzea da gure asmoa, gaitasun horiek zaintzea. Garbi dugu pertsona bat zenbat eta aktiboagoa izan, gero eta gaitasun gehiago dituela edukia emateko bere bizitzari, eta horrelako zentroei esker, haien ongizatea hobetzen joaten dela ikusi dugu», aipatu du Irurietak. Gizarte langileak erantsi du kontziente eta ohartzen hasi direla, zerbitzuari esker, «asko dutela emateko oraindik».
Estrella Pelaezentzat ere funtsezko bilakatu da zerbitzua, etxetik atera zuela dio, harro eta pozik: «Ni ere bakarrik bizi naiz, lehen ordu asko pasatzen nituen bakarrik etxean. Lehen, hona etortzen hasi aurretik, ez nintzen etxetik mugitzen eta ohean sartzen nintzen. Eta begira, zer nolako aldaketa!».
Adin tartea ezberdina bada ere —gazteenak 75 inguru ditu eta helduenak, berriz, 97—, bigarren kuadrilla bat osatu dutela aitortu dute denek, giroa «ezin hobea» dela egunero. «Lehen egunetan ez nuen inor ezagutzen, eta orain, bigarren etxe bat da niretzat, primerako harremana dugu», erantsi du Mikeli Elgarrestak.
Erabiltzaile gehienak emakumeak dira, baina bada azkenaldian animatzen hasi den gizon bat. «Egun batean probatzeko etorri zen eta egunero etorriko zela esan zuen berehala», dio Rodiñok. Bide batez, lau barrutietako adineko gizonak ere haiekin aritzera gonbidatu dituzte. «Ez dira damutuko».