"Oholtzan urteetan eman den saretze hori ikustea nahi dut"
Hilabete berezia ari da izaten abendua Alaia Martin Etxebesterentzat. Bihar, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko du, eta, berriki, Durangoko Azokan, 'Puf' eta 'Zapatekin arnas' liburuak aurkeztu ditu.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da bihar, larunbata, Donostiako Illunben. Alaia Martin Etxebestek laugarrenez hartuko du parte final ezin bereziago horretan. Saioaren atarian, emozioez eta sentsazioez hitz egin du oiartzuarrak.
Laugarren finala duzu. Aurten txapela bai, ezta?
Tira, ilusio eta jakin-min handiz nago egun handi horrek zer emango digun. Gorputzaldia horretarako prestatzen eta norbere pentsamenduari azken ukituak ari naiz ematen, biharkora irrikaz eta deskantsatuta iristeko.
Nolakoa izan da finalerako bidea?
Txapelketak esperientzia intentsua izaten dira denontzat; batzuetan iraupenagatik laburrak badira ere, bizipen askotarako tartea ematen dute. Eibarko saiorako [han hasi zuen Gipuzkoakoa Martinek urriaren 19an, final-laurdenetan] beti izaten da bertigoa martxan datorren trenera igo behar baitugu; txapelketaren erritmoan eta kodean kantatzeko norbere gorputza nola topatuko dugun kezka iturri izaten da. Sentsazio onak izan nituen, baina bat nabarmendu beharko banu litzateke presente sentitu nintzela gaiak entzuteko orduan, adi. Saio erregular bat egin nuenaren sentsazioa izan nuen, eta ukitu pertsonal batzuk utzita behintzat konforme geratu nintzen egindako lanarekin.
Zarauzko saioa [azaroaren 24ko finalerdia], aldiz, oso teknikoa eta oso aldakorra izan zen; kontzentrazio handia eskatzen zuen. Alabaina, kontzentrazioa mantendu izanarekin eta elkarrizketak osatu izanarekin gustura geratu nintzen. Niretzat oso garrantzitsua da, egunerokoan bezala, bertsotan ere elkarrizketak mantendu ahal izatea eta kideari entzutea, erantzutea, eta horrekin eraikitzea. Horrekin hazten da esateko daukaguna. Izugarrizko giroa topatu genuen Zarautzen, eta pozik geratu nintzen nire burua lanean eta eraikitzen sumatu nuelako saio bakoitzean. Finalean ea saio bakoitzeko sentsazio on guztiak erantsi eta osotasun hori bilatzen dugun.
Berandu, udazkeneko bigarren fasean, sartu zara txapelketan. Kanpotik nola bizi izan duzu lehena?
Udaberrian hasi zen txapelketa, beraz, tren horretako bidaiari batzuk urrutitik zetozen, eta presioa, norbere kudeaketa eta kanpoko zein barruko espektatibak orekatzen joan behar da aldiro. Nire burua gehiago izan da barrura begirakoa kanpora begirakoa baino, eta kinieletan, zenbakietan eta halakoetan baino gehiago izan dut burua letretan, sentsazioetan eta ideien munduan.
Beti dauka pisua kanpokoak, baina ni neu barrura begira izan naiz batez ere.
Bihar, ondoan zazpi bertsolari izango dituzu. Nola ikusten duzu zure burua?
Uste dut final ederra izango dela, zortzikote interesgarria aurkituko duela Illunbeko plazak, eta bereziki esateko gogoz joango garenaren sentsazioa daukat.
Ilusio eta gogo handiz aurkitzen naiz une honetan, eta uste dut hori erakusteko aukera izango dugula, baita horrekin gozatzekoa ere. Biziki nahi nukeena horixe da, gozatzea, asko ematea eta atmosferako giro horretatik edan eta jasotzea. Gehiago, hobeak eta interesgarriagoak gara elkarrekin elkarrizketan ari garenean, eta urteetan eman den saretze hori ikustea nahi dut oholtzan; hitz egin dezagula gure munduaz, maiuskulaz eta minuskulaz; gure bizitzez; errutinez; puskatzen gaituzten gauzez; eraikitzen ditugunez, eta eduki dezala sustrai pixka bat saioak. Ea distira ateratzen diogun.
Niretzat finala asko aldatu da 2011n lehenengo aldiz sailkatu nintzenetik. Emakume bakarra nintzen. 2015ean bi emakume ginen eta, 2019an, erdi eta erdi. Argazkia garatzen ikusi dut eta uste dut final oso kantagarri eta interesgarria izan daitekeela. Edo horretan jarriko dugu behintzat gure ilusio guztia. Baina, ez da ahaztu behar bertsolari oso onak, oso handiak eta oso interesgarriak geratu direla finalaren ateetan, eta datozen urteetan atarian geratu diren horiek ere zer esan handia emango dutela.
Egin kiniela.
Ez naiz kinielak egin zalea, baina egunak, momentuak eta beste mila faktorek erabakiko dute. Ez diot egunari emoziorik kenduko [barrez]; egunak berak emango dizkigu detaile guztiak.
Finalerako sailkatu zinela jakin zenuenetik, nolakoa izan da prestaketa?
Bide beretik jarraitu dut: bertso eskola batzuk egin; deskantsatu; hobetu beharrekoak bilatu eta horietan ertzak leundu; eta ongi egindakoetan punta zorroztu. Bizitza bilaketa da, eta prestakuntza ere bai. Nire puntu onenaren bilaketan ibili naiz. Bilaketa horretan igoko naiz oholtzara, ilusio guztiarekin.
Laugarren finala izateak esan nahi du gutxienez badirela hamasei urte bertsotan ari zarela. Zertan aldatu zara lehen finaletik?
Plazak ematen dizun pilatutako sen hori badaukat orain, baita final bat bizitzea pribilegioa denaren kontzientzia handiagoa ere. Mikrofono bat hainbeste jenderen aurrean eskura izatea zer nolako pribilegioa den kontzienteago naiz, eta erabiltzeko ardura eta gogo handiagoa dut alde horretatik.
Beti izan dut puntu inozente bat, eta inozentzia hori badaukat orain ere. Baina ezberdina da. Bizitzako puntu ezberdin batean harrapatzen nau, baita profesionalki bertsoari emana ere. Asko aldatu da 2011ko bertsolari hura oraingotik, eta asko zor diot lehenengo final hari plazarako ateak asko zabaldu zizkidalako. Plaza bakoitzean saiatzen naiz eskertzen, gozatzen eta garatzen.
Bertsolaritza nire bizitzaren ardatzetako bat da, orduan, garatzen ari naizen heinean bertsolari hori ere garatzen doa. Sustraitzen doa bere lurrean, hitz egiteko eta errimatzeko eran, eta hor nago, eraikuntza horretan pausu bat gehiago emateko gogoz.
Irabazi edo ez, nola ospatuko duzu beste behin finalean egotea?
Saiatuko naiz bertsotan zoragarri eginez ospatzen, eta gerora ingurukoak goxatuz. Batzuetan barrura begira egoten gara txapelketa garaian, eta kanpora begira egonez ospatuko dut ingurukoekin, beste patxada batekin. Baina esan moduan, batez ere ospatu nahiko nuke bertsotan zoragarri eginez, horretarako baita finala eta horretarako egin baitugu lan. Bihotza eta gorputza horretan jarri ditugu, eta ospatuko nuke, ospatzeko moduko saio bat eginda; eta noski, ingurukoei eskertuz sarea, konfiantza eta babesa.
Nola prestatzen zara mentalki oholtzara igo aurretik?
Eguna bisualizatuz eta egunaren arabera, gorputzari kasu eginez.
Nolakoa da Illunbeko oholtza?
Ikusgarria da, oso handia. Entzule mordoa izaten dugu parez pare, eta esango nuke oso beroa izateaz gain gertukoa ere badela. Oso bildua da, eta nik, egia esan, izugarrizko kariñoa diot oholtza horri. Iruditzen zait abesten laguntzen duen leku bat dela, jendearen berotasuna sentitzen dela, eta indar handia ematen duen oholtza dela esango nuke.
Eta finalaren ostean, zer?
Beste lasaitasun batekin esnatuko gara ziur aski igandean, egun berezi eta handi bat pasa izanaren pozarekin. Eta gainerakoan saioz saio gozatzeko, lanean jarraitzeko, sorkuntzan jarraitzeko ilusioarekin. Continuum bat da hau; prestaketa ez da sekula bukatzen. Sortzaile bezala ere susmoa dut bizitza osoan nahiko dudala jarraitu bilatzen, aurkitzen, hobetzen, gauzekin harritzen, zirrikitu bat bilatzen, eta hitzaren lilura horrekin uste dut beti biziko naizela. Hortaz, bihartik aurrera ere bide horretan sakontzeko gogoz egongo naizela aurreikus nezake.
Nire pasio nagusietariko bat hauxe da, beraz, pasioari jaten ematen eta pasiotik jaten, bizitzen, intentsitate eta ilusio zein borondate guztiarekin jarraituko dut kulturgintzan eta herrigintzan ekarpena egiten, bertsolaritzak ekar lezakeen horren guztiaren barruan niretzako plazera delako bertsotan aritze hutsa. Bilaketa eta gozamen horretan aritu nahi nuke bihartik aurrera ere.
Literaturari helduz, Durangoko Azokan Puf eta Zapatekin arnas liburuak aurkeztu dituzu.
Zapatekin arnas Potx eta Lotx pailazoek eskatutako enkarguzko liburua da, eta haurrentzat kontatzen du clown-a izatea zer den. Era metaforiko batean, baina umeentzat kontatzen du gure baitan bizi diren Potx eta Lotx horiek nola garatzen, hausten eta argitara nola ateratzen diren, noiz ezkutatzen diren… Mirari Sagarzazu Sacristanek ilustratu du.
Bestea, Puf, 1545 argitaletxe oiartzuarrak proposatutako liburu bat da. Galdera liburu bat egin nahi zuten, eta hiru atal ditu honek, denboraren joana, orainaldia eta geroa biltzen ditu Nentorren, Nabil eta Noa atalekin. Askotariko galderak zabaltzen dituen liburu bat da, mimo handiz egindakoa, eta ukitu duten esku guztiek mimo handiz zaindu dute.
Liluratuta nago benetan Udane Ansa Iragorriren ilustrazioekin. Iruditzen zait izugarrizko lan ederra eta sakona egin duela, eta asko konektatu dugula. Galdera asko airean utzi nituen, oso konbentzituta utzitako galderak dira, hautaketa zabal bat egin eta aukeratutako galderak dira, baina iruditzen zait berak itxi dituela horiek. Ez erantzun, baina bai itxi. Forma eman die, eta oso eskertuta nago egin duen lan izugarri horrekin. Mimo handiz egina da, eta izenburu zabal eta xelebre horren atzean emozio asko kabitzen dira. Puf bat bada puf tristuratik, amorrutik, neketik, pozetik, puf plazeretik. Emozio horiek guztiak biltzen dira galderetan.
Zer nabarmenduko zenuke liburu bakoitzetik?
Potx eta Lotxen kasuan balio izan dit clown-a zer den hobeto ulertzeko. Izugarrizko pasioz kontatu zidaten hori Potx eta Lotx pailazoek liburua egiteko elkartu ginenean, eta balio izan dit clown-ari beste begi batzuekin begiratzeko. Puf-ek, berriz, lagundu dit sorkuntzari beste ate bat irekitzeko. Askotan itxieran, soluzioan edo erantzunean jartzen dugu arreta, egunerokotasun ukigarrian, eta galderak egiteko askatasunak, erantzun bat bilatu beharrik gabe, izugarrizko askatasuna eman dit.