Pasaiako Itsas Eskolak Lanbide Heziketan euskara txertatu du
Pasaiako Itsas Eskolak goi-mailako zikloa euskaraz eskainiko du, esparru horretan Euskal Herrian euskaraz eskaintzen den lehena
Pasaiako Itsas Eskolak “Itsasontzietako eta Ontzietako Makinen Mantentze-lanean Antolaketa” goi-mailako zikloa euskaraz ikasteko aukera zabaldu du, Euskal Herrian lehena izanik. Pasaiako Blas de Lezo Lanbide Heziketako ikastetxeak eta Udalak burutu dute ekimena, azken urteetako beharrari erantzuna eman nahian. Izan ere, euskararen bizi-berritzeak lan-munduan dauka fokua, eta harekin lotura nagusia Lanbide Heziketa da, euskal profesionalak hezteko gunea izanik. Etorkizuneko langile euskaldunak formatzeaz gain, orain arte D ereduan aritu diren ikasleei (batxilergoa euskaraz egin dutenei) Blas de Lezon ikasketekin euskaraz jarraitzeko aukera eskainiko zaie.
Iñigo Iribar irakasleak adierazi duenez, “gaur egun materialak euskaraz lortzeko erraztasun gehiago dago eta testu-liburuak beste baliabide batzuekin ordezkatzen hasi gara”.
Udalak gaineratu du lanbidea eta lan-jarduerak euskaraz ikasita ikasleek aukera handiagoak izango dituztela esparru profesionalean ere, eta goi-mailako ikasketak euskaraz egin ostean B2 euskara baliokidetza aitortuko zaie.
Blas de Lezo Ikastetxeak eta Udalak pauso gehiago eman nahi dituzte bide horretan, eta asmo horri jarraiki “Duala Euskaraz” egitasmoa martxan jarri dute, ikasleek praktikak euskaraz egiteko aukera gehiago izan ditzaten.