Mitxelenaren ‘Pilota 7 Haizetara’ taldeak irabazi ditu hauteskundeak
Larunbatean izan ziren Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentetzarako hauteskundeak; Joxemari Mitxelena da presidente berria.
Joxemari Mitxelena Kazabon, Madalensoron. Imanol Saiz Gomez de Segura Lau urteren ondotik, larunbatean egin ziren Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentetzarako hauteskundeak; bi talde zeuden lehian, eta Joxemari Mitxelena Kazabon oiartzuarraren taldeak irabazi ditu. Hortaz, Pilota 7 Haizetara taldearen izenean, Mitxelena izango da presidente berria, eta ofizialki larunbatean –otsailak 1– hartuko du postua.
“Gustura gaude; ez genuen espero horrenbesteko diferentziarekin irabaziko genuenik. Uste genuen emaitza askoz estuagoa izango zela, eta sorpresa bat izan zen”, kontatu dio Mitxelenak HITZAri.
96 klubek zuten larunbatean botoa emateko eskubidea: 44 klubek Gipuzkoan; 42 klubek Bizkaian eta 10 klubek Araban. Hortaz, 77 klubetako ordezkari joan ziren ekitaldira; %80, alegia. 47 boto eskuratu zituen Pilota 7 Haizetara taldeak; oposizioak, aldiz, 30.
Baditu oraindik Mitxelenak egun batzuk kargua hartu aurretik, baina argi dauka larunbatetik aurrera zer egingo duen: “Inguruko federazioekin elkartuko gara, eta pixkanaka hasiko gara planifikatzen nondik nora abiatu”.
Ibon Taberna lezoarra da, eta talde irabazlean trinkete eremuko arduraduna izango da. “Lana dugu egiteke, baina ilusioarekin gaude; egunero gustatzen zaizun ofiziora joatea bezala da”, azaldu du.
Lanez gainezka ibili dira azken bi asteetan, zenbait klubekin elkartu dira, eta Tabernarentzat hori izan da garaipenaren gakoa. “Gu garen bezala aurkeztu gara: pertsona sinpleak, langileak, klubetan zenbait postu izan ditugunak pilotari izateaz gain…”.
Ideiak garbi zituztela eta egindako lanarekin gustura joan ziren larunbateko ekitaldira, eta uneren batean urduri jarri baziren ere, gustura eta ilusioarekin daude. “Garaipen oso polita izan da, oso ondo etorri zaiguna. Uste dugu federazioei mesede egingo diegula gure ideiekin eta gure esperientziarekin”, gehitu du Tabernak.
