Pasaitarrek Santa Ageda bezpera ospatuko dute bihar
Bihar, hilak 4, Santa Ageda bezpera da, eta pasaitarrek koplaz beteko dituzte Antxoko, Donibaneko eta Trintxerpeko kaleak.

Bihar, hilak 4, Santa Ageda bezpera da, eta pasaitarrek koplaz beteko dituzte barrutietako kaleak. Antxon, Alkartasuna Euskal Dantza Taldeko kideak 19:00etan abiatuko dira Blas de Lezoko lokaletik, eta tabernaz taberna arituko dira bertsotan. Donibanen, Santa Ageda bezperako koroa Meipitik abiatuko da, 18:00etan. Trintxerpen, eta XXXI. Kultur Astearen barruan, Pasaiako Udal Euskaltegiko eta Musika Eskolako kideek Santa Agedako koplak abestuko dituzte ikasle, txistulari, trikitilari, Illunbe abesbatza eta bertaratzen diren pasaitarrekin. Gudarien plazan bilduko dira, 19:00etan, eta Trintxerpeko kaleetan barrena ibiliko dira Maider Arregi eta Uxue Alkorta bertsolariekin. Ibilbidea bukatuta, luntxa eskainiko da Trintxerpeko Alkateordetzan.