Ekitaldiz betetako asteburua Lezon
Ostiral eta igande artean zortzi jarduera jasoko ditu herriak, kalean eta aterpean egingo direnak.
Ander Iriarte eta Amaia Merino, 'Indarkeriaren oi(h)artzunak' lanaren aurkezpenean. Zortzi proposamen, askotarikoak gainera, Lezok asteburuan jasoko dituenak. Batzuk aterpekoak, besteak kalean egitekoak. Gaurtik igandera herrian geratzeko, eta ez zaintzeko bakarrik, aukera asko.
Gaurko 19:00etan Adur Intxaurrandieta Ormazabal Historian lizentziadun lezoarrak egin berri duen liburuaren gaineko azalpenak emango ditu Kultura Aretoan: euskarazko solasaldian, Tierra de tiranos obra historikoaren gainekoak azalduko ditu. Ordu laurden geroxeago, gazteentzako ikus-entzunezkoa Gezala Auditoriumean: ETB1eko Irabazi arte! telesailaren lehen kapituluaren estreinaldiarekin gozatu ahal izango dute fikziozko saioaren zale gaztetxoek; sarrerak agortu egin dira. 19:30ean, berriz, Ibai Ondoko gastuetan laguntzeko festatxoa: lehenik eta behin pintxo potea Iñaki Labakaren kantaldi eta guzti, eta 21:30ean hasita herri afaria.
Auzolan batekin hasiko da larunbata. Izan ere, Lezo Herri Eskolako Hezikuntzako nahiz Txerrimuñoko kideei esker, herri eskola pareko basoa (irudian) txukuntzeko geratu dira 09:30ean (hamaiketakoa ere izango da). 12:30ean, kantu jirak irteera egingo du, eta arratsaldean Lezoko Zinema Ttikiaren emanaldi bikoitza Gezalan: 17:00etan Lagunak erreskatera animazio filma, eta 19:00etan Ander Iriarte oiartzuarraren eta Amaia Merinoren Indarkeriaren oi(h)artzunak dokumentala.
Igandean, Gezalako aterpean, dantza garaikidearekin harremana izango dute lezoarrek eta hala nahi duten denek. Izan ere, Node konpainiak Damutzen naiz ikuskizuna taularatzeari ekingo dio 19:30ean (8 euro).
