Bandera jaitsi eta agur esan dute intxixu, basandre eta sorginek
Ihoteetako azken eguna izan da gaurkoa. Hiru egunetan zehar herria zirikatzen aritu dira intxixu, sorgin eta basandreak, baina agurra eginda, ezkutatu dira berriro.
Ostiral iluntzean hartu zuten herria intxixu, basandre eta sorginek; eurena izan da Oiartzun hiru egunez. Baina, etorri ziren moduan joan ere egin dira. Herrira globalizazioak ekartzen dituen kalteak desegiteko asmoz etorri ziren; baita bizilagunak dantzan jartzeko helburuarekin ere. Hiru eguneko jaia izan dute Oiartzunen, eta herrian zehar ibili dira Aiako Harriko Kataxulokoak eta baita sorginak ere.
Urtean behin elkartzen dira denak, eta herriaren jabe egiten dira Oiartzun euskaldundu eta berdintasunez blaitzeko asmoz.
Hiru eguneko egonaldia egiten dute jendartean, eta amaitu dute aurtengoa, agurra egin baitute plazan. Ohi moduan, sua piztu, dantza egin eta bandera jaitsi dute. Hori izan da berriro ere herrira ordena itzuliko denaren seinale.
Ehunka herritar bildu dira plazan agurreko ekitaldian, tristuraz bai, baina dantza egiteko gogoz ere bai. Hala ere, ez dute herritarrek gaurkoan aspertzeko aukerarik izan, goizean goiz izan baitute diana. Gero, gainera, Elizalde Herri Eskolak antolatutako Karroxa eta kalejira izan dira, eta dantza gidatuak egiteko aukera ere izan dute bizilagunek. Aspertzeko aukerarik, hortaz, ez dute izan.
Hala ere, beste urtebete itxaron beharko dute oiartzuarrek basandre, sorgin eta intxixuen zalapartaz gozatzeko.
Jarraian, HITZAk gaurko ekitaldian atera dituen irudiak:
