Zahartzaro duinen aldeko aldarria, gaur ere ozena
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an polizia frankistak hildako bost langileak, zein heriotzak salatzeko protestetan hil zituzten beste bi herritarrak gogoan zian ditu Duintasunak gaurko mobilizazioan.
Duintasunaren protesta gaur. Ez dute hutsik egin. Gaur ere kalean izan dira pentsiodunak, Duintasuna elkarteak deitutako mobilizazioarekin bat eginda zahartzaro duin bat aldarrikatzeko. Ohi moduan, Herriko Plazan batzarra egin dute lehenik, eta atzera begira jarri dira gaurko egunez baina duela 49 urte Gasteizen polizia frankistak langileen aurka egindako errepresio bortitz pairatu zutenak oroitzeko: “bost langile gazte hil zituzten Gasteizen, eta beste bi, bat Tarragonan —Herrialde Katalanak— eta bestea Basaurin, bi herrietan egin ziren elkartasun eta gaitzespen manifestazioetan”.
Langile haiek soldata eta lan baldintza duinen alde borrokatzen ari zirela jarri du nabarmen Duintasunak, “baita euren greba eta manifestazioengatik jasaten ari ziren errepresioaren aurka ere. Mugarik gabekoa izan zen poliziak izan zuen zigorgabetasun probokatzaile eta errepresiboa; hori guztia, patronalaren interesak babesteko”. Ia 50 urte geroago sarraskiaren arduradun nagusia, Martin Villa, epaitu eta zigortu gabe dagoela oraindik gogora ekarri dute gaurko protestan.
Gasteizko borroka hura, zein Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko beste hainbat herritan burututako beste batzuek ere, langileen eskubideen aldeko borrokan zein pentsioen hobekuntzan bidea zabaldu zuten zalantzarik ez du Duintasunak.
gertakari lazgarri hura oroituta, gakoa izango den beste data bati begira ere jarri da Duintasuna gaurko protestan: martxoaren 8a. Argi esan dute emakume pentsiodunak kalera aterako direla Herri Ekimen Legegilea babestuz. Faximsoaren aurka, ausardia eta aliantza feministak, Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako aukeratu duen leloa bere egin dute pentsiodunek, eta jakinarazi, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeak beste sektoreetako emakumeekin “aliantzak eraikitzen” ari direla, esparru ezberdinetan eskubideak lortzeko, “hala nola zaintza lanetan eta ongizate maila handiagoarekin bizitzeko diru sarrera nahikoak izatea ahalbidetuko diguten pentsio duinen alde”.
Hori horrela, mugimendu feministak deitutakoekin bat egingo dutela emakume pentsiodunek adierazi dute, “gutxieneko pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko osagarria arautzen duen Herri Ekimen Legegileari babesa adieraziz kalean”.
Aipamena egin diete halaber, Carlos Cuerpo, Espainiako Ekonomia ministroaren adierazpenei. Autonomia erkidegoetan gutxieneko soldata desberdinak izateko aukerari atea itxi dio Cuerpok, eta horren aurrean gaitzespena azaldu du Duintasunak. Gutxieneko soldataren gaineko jarrera “zentralista” eta “uniformatzailea” egotzi dizkio, baita kontuan ez hartzea ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eta Nafarroako baldintza sozioekonomikoek Espainiako Estatukoa baino lanbide arteko gutxieneko soldata handiagoa ahalbidetzen eta justifikatzen dutela, “Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baxuena justifikatu baino ez du egin, eta hori Cofebask patronalak gogotsu eskertzen du, Europako Gutun Sozialaren irizpideak kontuan hartuta—batez besteko soldataren %60—dagokiona baino LGS txikiagoa izatea ahalbidetzen baitio”.
Batzarra bukatuta, manifestazioa egin dute zahartzaro eta pentsio duinak aldarri, erdialdeko kaleetan barrena.
